Gaur bukatuko da euskal kirolarien parte hartzea 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan. Iñigo Peña piraguistak 5. postua lortu du K4-ko 1.000 metroko proban —alemaniarren ontzia nagusitu da—. Ainhoa Murua triatleta eta Carlota Ziganda golf jokalaria izango dira lehiatzen azkenak. Muruarentzat kolpe handia izan da azken uneko ezbeharra. Haustura batek baldintzatuko du gaur bere jarduna. Enekoitz Tellerria berriemailearekin izan da Rion, eta aitortu du zail ikusten duela proba amaitzea. Ziganda, berriz, domina lortzeko aukerarik gabe gelditu da.
Olinpiar Jokoak bukatuta, Paralinpiar Jokoak hasiko dira irailaren 7an. Rio de Janeiron izango da Iñaki Lasa Berriako kazetaria. BAT Basque Team eta Gazte Aukerak antolatutako lehiaketaren bitartez, Riora joango diren lau blogarietako bat da Lasa, eta '6. uztaia' programan izango da.
Horrez gain, Danel Agirreren bidaiaren azken aurreko atala egongo da ikusgai, 16:00etatik aurrera.