Futbola

Inoizko atezainik garestiena bihurtu da Kepa Arrizabalaga

Chelseak goizean goiz ordaindu ditu etete klausulako 80 milioi euroak, eta arratsalderako espero dute Arrizabalaga Londresen.

Arrizabalaga, artxiboko argazki batean. RODRIGO JIMENEZ, EFE
2018ko abuztuaren 8a
07:12
Entzun

09:22rako ordaindu dituzte Kepa Arrizabalagaren etete klausulan zehaztutako 80 milioi euroak. Munduan inoiz atezain batengatik ordaindu den kopuru handiena pagatu du Chelseak Athleticeko atezainaren truke. Hala, arratsalderako espero dute jokalaria Londresen, eta bihar hasiko litzateke Maurizio Sarri entrenatzailearen aginduetara lanean.

Ingalaterran fitxaketen merkatua itxi baino ordu batzuk lehenago onartu du Arrizabalagak eskaintza. Sei urterako kontratua sinatu du Ondarrukoak eta sei milioi euro garbi irabaziko ditu urtean, orain arte irabazten zuena baino gehiago. Izan ere, urtarrilean Athleticekin kontratua berritu zuenean 4,5 milioi irabaztera igaro zen. 

Arrizabalaga Madrilera joan zen atzo bere ordezkariekin bildu eta eskaintza aztertzeko. Gaur, dagoeneko, hura gabe entrenatu dute Athleticeko jokalariek.

Orain arte talde batek atezain baten truke ordaindutako kopuru handiena 72 milioikoa izan da, Liverpoolek pagatu zizkion Romari Alisson Beckerren truke. Aurrez Turingo Juventusek 52 milioi euro ordaindu zizkion Parmari Gianluigi Buffonengatik. 

Athleticek eskerrak eman dizkio

Athleticek baieztatu egin du Arrizabalagaren fitxaketa eta hark taldeari 2004-2005 denboralditik gaur arte egin dion "ekarpena" eskertu dio atezainari. Horrekin batera, taldearen filosofia berretsi du. Athleticek adierazi du lanean jarraituko duela jokalari guztien "helburu pertsonal eta profesional nagusia" klubeko lehen taldean jokatzea izan dadin.

Athleticek nabarmendu du taldearen etorkizuna "iraganean hartutako borondate askeko erabaki batean" oinarritzen dela eta horrek "harrotasun sentimendu" bat eragiten duela. Gaineratu duenez, filosofia horrekin bat egin dute lehen taldean jokatzea beren helburu nagusi bihurtu duten "ehunka jokalarik". Jokalari horiek "egiazko konpromiso pertsonal eta kolektibo" baten parte izan dira, Athleticen esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.