Iñigo Martinezek uko egin dio Eurokopa jokatzeari, "mentalki eta fisikoki" ez dagoelako prest. Hala jakinarazi du ohar batean. "Lerro hauek idaztea oso gogorra da niretzat. Bada denbora bat ez nagoela ez fisikoki ez mentalki Athleticen eta Espainiako selekzioaren elastikoek eskatzen duten exijentzia mailan lehiatzeko moduan. Are gutxiago Eurokoparen gisako txapelketa batean. Beraz, albo batera egitea erabaki dut".
"Sakon" aztertu du erabakia gertukoekin, eta, "bi elastikoei" zor dien "zintzotasungatik", Eurokopara ez joatea erabaki du. "Atseden hartzeko beharra dut, deskonektatu eta ohikoa dudan energiarekin itzultzeko". Duela egun batzuk jakinarazi zien erabakia Athletici eta Espainiako Federazioari. "Dena eman dut denboraldi honetan nire klubean, eta gogor lan egin dut Eurokopan egoteko. Onena eman dut zelaian, eta selekzioarentzat onena nik zintzo jokatzea da, aurretik duen erronka handia baita".
Atseden hartu, eta hurrengo denboraldian berriro ere "ahalik eta gehien" lan egingo du. "Hautatzaileari berriro ere arrazoiak ematen saiatuko naiz, hautatua izateko. Bitartean, etxetik animatuko dut".
Unai Simon, Mikel Oiarzabal eta Cesar Azpilikueta dira Eurokopa jokatuko duten euskal futbolariak.