Ipar Afrikaren ordezkaria

Hogeita lau urte behar izan dira Aljeriak berriro Munduko Kopa bat joka dezan

Julen Etxeberria.
2010eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Luze itxaron behar izan dute aljeriarrek euren selekzioa berriro Munduko Kopa batean ikusteko: 24 urte, hain zuzen ere, 1986an Mexikokoa jokatuz geroztik. Aljeriak hartu du Maroko, Tunisia eta Egiptoren lekukoa Ipar Afrikako ordezkari gisa. Ez da bide samurra izan; izerdia eta odola bota behar izan du Hegoafrikan toki bat lortzeko, sailkapen ligaxka Egiptorekin berdinduta amaitu ondoren, azken partida erabakigarri bat jokatu behar izan baitzuten bi selekzioek Sudanen. Norgehiagoka horretan 1-0 nagusitu zen Aljeria, eta horri esker ariko da hirugarren aldiz Munduko Kopa batean. 1982an egin zuen debuta, Espainian, eta ez zuen gainditu lehen ligaxka. Beste horrenbeste egin zuen Mexikon, lau urte geroago. Hirugarren aldian, beraz, langa hori gainditu nahi du behingoz. AEBak eta Eslovenia izango ditu kontrario zuzenak hori lortzeko, Ingalaterra gutxienez koska bat gorago baitago.

Taldeari dagokionez, Rabah Saadane hautatzaileak Europan ari diren jokalarien alde egin du selekzioa osatzean. Horien artean dago Karim Ziani, Wolfsburg Alemaniako taldeko erdilaria, selekzioko jokalaririk aipagarriena. Hari esker dago hein handi batean Aljeria Hegoafrikan, hiru gol sartu baitzituen sailkapen ligaxkan.

Ahalmen fisikoa, hori badu Aljeriak, baita atzealde sendoa ere: zaila da hari gol bat sartzea. Gutxitan izan ohi du ekimena zelaian, eta nahiago du ardura hori aurkariari eman, estutu, eta edozein huts baliatu bizi-bizi kontraerasora irteteko. Hori egiten ez duenean, Yazid Mansourik hartu ohi du lema zelai erdian. Hark Ziani bilatzen du askotan, edo Karim Matmour hegaleko bizia. Beste aukera bat da zuzenean Abdelkader Ghezzal aurrelariari baloia luzean botatzea. Gol falta da Aljeriaren ahulune nagusia: bereak eta bi ikusi ditu gol bat sartzeko. Hori konpondu ezean, zail izango du aurrera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.