Balentria izugarria da, Bidegorrik eta bere eskifaiak ia hamabi ordutan hobetu baitzuten zeharkaldiko marka. Groumapa 3 ontziak zuen aurreko errekorra, eta Banque Populaire-ren aurkako desafio batean ikusi behar izan zuen nola txikitzen zuten bere marka. 5.400 kilometroak hiru egun eta hamabost orduan egiteko, ontziak orduko 61 kilometroko abiadurari eutsi behar izan zion batez beste. Bidaia berean Bidegorrik beste marka bat hobetu du, 24 orduan belaontzi batek eginiko kilometro kopuruarena: 1.682 guztira. Bigarren egunean lortu zuen. Behin Ingalaterrara iritsita, Bidegorri kabitu ezinik zegoen: «Marka honek asko iraungo du, egun ez dago gure marka hobetuko duen ontzirik. Une batzuetan gure abiadura beldurgarria izan da. Ahalaren %100era ez gara iritsi, baina %96 eta 97ren artean ibili gara une oro».
Lau egunen marka mitikoa hobetzeko bidea iragan ostegun gauean hasi zuen trimaranak.00:47 ziren (Euskal Herriko ordua) New Yorketik aldendu zenean, eta igandeko 16:13ean iritsi zen Ingalaterrako kostaldera. Hamaika minutu lehenago Groupama 3-ak 2007ko bere munduko marka hobetua zuen, baina oso gutxi iraun zion pozak eskifaiari. Bi marka onen arrazoi nagusietako bat eguraldia izan zen.
«Eguraldia oso ona izan da, eta adimen handiz gidatu dugu ontzia. Orduko 90 kilometroko abiadura hartzera iritsi gara! Eta lau orduz batez besteko orduko 74 kilometroko abiadurari eutsi ahal izan diogu. Konfiantza osoa genuen ontziarengan, eta zer egiteko gai den erakutsi digu», aztertu zuen kapitainak. Zifra horiek azaltzen dute nola lor daitekeen atlantikoa lau egunetan gurutzatzea, Queen Mary 2 motordun transatlantikoak, adibidez, zazpi egun behar dituenean.
Pascal Bidegorrik esperientzia handiko hamabi marineleko eskifaia gidatu du, eta euren artean Ronan Lucas nabarmentzen da, baionarrak erronka gehienetan alboan izan duen teknikaria. Iragan asteburukoa izan da marinel lapurtarraren ibilbideko lorpenik handiena, baina aurretik bakarkako Le Figaro -Europan bakarka egiten den itsas lasterketa garrantzitsuenetakoa- proba irabazia zuen, 2000. urtean. Orain Banque Populaire-rekin belaontzi markak hobetzea du helburu, eta lor ditzake, urtebete baino ez baitarama ontziaren patroi gisa. Halere, kostako zaio asteburuko balentria hobetzea. «Lo pixka bat egin beharko dut oraindik eginikoa aztertzeko. Ez nuen uste neke eta estresarekin hala gidatu ahalko nukeenik».
Hegan egiteko eraikia
Patroiak eta eskifaiak garrantzia dute, baina Banque Populaire ez da nolanahiko belaontzia. Munduko trimaranik handiena -47 metro luze ditu- markak hobetzeko diseinatu zuten. 10 milioi euroko kostuarekin, 2008ko irailean uretaratu zen lehenbizi karbonozko ontzi erraldoia. Belaontziaren bela nagusiak 40 metroko altuera du, eta zortzi laguneko taldeak ia hogei minutu behar izaten ditu bere osotasunean zabaltzeko. Trimaranaren pisua 23 tonakoa da, eta 23 metroko zabalera du.
«Abiadura oso bizkor hartzen du, lehen probetan asko kostatu zitzaidan norabideari eustea», onartu zuen Bidegorrik. Erronkarik ez zaio falta Banque Populaire-ri, eta aurki saiatuko da hego atlantikoko marka ere hobetzen, Espainia eta San Salvadorren (El Salvador) artekoa. Aurretik, baina, Jules Verne trofeoan parte hartuko du, munduari itzuli osoa ahalik eta bizkorren ematea lortzeko sorturiko lehian. Marka onena 50 egunean dago, oraingoz...
Nortasun agiria
PASCAL BIDEGORRIJaioteguna. 1968ko urtarrilaren 15a (Baiona).
Ibilbidea. Ipar Atlantiko zeharkaldiaren marka (2009); 24 orduan belaontzi batean kilometro gehien egitearen marka (2009); bakarkako Le Figaro lasterketa (2000); kasko bakarreko ontzientzako Jacques Vabre lasterketa (2005).
'BANQUE POPULAIRE V.A'
Mota. Ozeano maxitrimarana.
Sortze data. 2008an (CDK ontzioletan, Frantzia).
Kostua. 10 milioi euro.
Luzera. 40 metro.
Zabalera. 23 metro.
Belaren altuera. 40 metro (zortzi lagunek ia hogei minutu behar dituzte bere osotasunean zabaltzeko).
Pisua. 23 tona.
Abiadura. Orduko 90 kilometro hartzera iritsi da.