'Iparraldeko infernua' du zain

Portlandek Kiel Alemaniako talde indartsua izango du aurkari Txapeldunen Ligako finalerdietan

Julen Etxeberria.
2007ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ez zuen zorterik izan Portland San Antoniok atzo, Txapeldunen Ligako finalerdietako zozketan. Nafarrek aurkari bat saihestu nahi zuten nola edo hala: THW Kiel Alemaniako taldea. Zozketan zeuden beste bi kontrarioak, Flensburgo eta Valladolid, ez ziren makalak, baina Iruñeko taldeak ez zuen Kielen aurka jokatu nahi, hori baitzen aurkari indartsuena. Argi utzia zuten hori zozketaren bezperan. Bada, otsoa aipatu eta otsoa azaldu: Kiel egokitu zaio Portlandi. Ez da hor amaitu zorte txarra, partiden ordenak ere ez baitio mesederik egin. Hala, Iruñean jokatuko da joaneko partida, hilaren 24an edo 25ean. Itzulikoa, berriz, astebete geroago jokatuko da Alemanian.

Ez da harritzekoa nafarrek Kielen aurka jokatu nahi ez izatea, Europako talde onenetakoa baita. Haren garaipen zerrendak ez du zalantzarako tarterik uzten: 12 aldiz irabazi du Alemaniako Liga, eta hirutan Kopa eta Superkopa. Ez dira edonoren eskura dauden lorpenak, Alemaniakoa Europako Liga gogorrena baita, Asobal Ligarekin batera. Eta azken bi denboraldietan Kiel izan da jaun eta jabe, azken bi Ligak irabazi baititu. Sasoi honetan ere bide onean da hori errepikatzeko, lehena baita sailkapenean. 21 partida jokatu ditu: 17 irabazi ditu, bi berdindu eta bi galdu.

Portlanden aurkariak, hala ere, badu arantza bat barruraino sartua: ez du inoiz irabazi Txapeldunen Liga. Badaki Europako lehiaketa bat irabaztea zer den, behin baino gehiagotan, gainera-hiru aldiz eskuratu du EHF Kopa-. Txapeldunen Ligan, aldiz, ezinean aritu da. Bederatzi ahalegin, eta bederatzi aldiz kale. 1999-2000ko sasoian izan zuen aukerarik onena. Finalera iritsi, eta txapela irabaztekotan izan zen. Hiru goleko aldeaz irabazi zion Bartzelonari joanekoan, Kielen (28-25), baina itzulikoan Bartzelonak buelta eman zion kanporaketari -29-24 irabazi zuen-. Alemaniarrek arantza atera nahi dute hamargarren ahaleginean.

Europako lehiaketetan egindako ibilbide horretan, hain zuzen, hirutan izan dira aurrez aurre Portland eta Kiel. Nafarrek oroitzapen ona dute, beti egin baitute aurrera. 1998-1999ko denboraldian, Txapeldunen Ligako final-laurdenetan jokatu zuten elkarren aurka. Portlandek 21-24 irabazi zuen joanekoan, Kielen. Itzulikoan, berriz, alemaniarrentzat izan zen garaipena (26-27). Garaipen horrek, hala ere, ez zien ezertarako balio izan. 2000-2001eko denboraldiko Europako Superkopan ere izan ziren aurrez aurre, finalerdietan. Kielen jokatu zen lehia, eta nafarrak nagusitu ziren berriz, penaltietan.

Partida hori jokatu zuten sei jokalari ariko dira orain: Portlanden, Ortigosa, Juantxo Perez eta Lozano -Kielen ari zen- ; eta Kielen, Mattias Andersson, Lovgren, Fritz eta Petersen -bigarren entrenatzailea orain-. Aulkian ez da berritasunik: Zupo Ekisoain eta Zvonimir Serdarusic kroaziarra ariko dira aginduak ematen.

Kieleri bisita egin dion guztietan irabazi du Portlandek. Aintzat hartu beharreko datua da, talde gutxik lortu baitute. Iparraldeko infernua esaten diote Ostseehalle pabiloiari. Egia esan, aukeran datorkio izena, 10.200 lagun bildu ohi direlako eta presio izugarria sortu ohi dutelako.

Ez da hori, ordea, Ekisoainen taldea gehien kezkatu behar duena, aurrean izango duten kontrarioaren maila baizik. Kielek talde beldurgarria du: Omeyer frantziarra eta Fritz alemaniarra atean; lehen lerroan, Karabatic frantziarra, Christian Zeitz alemaniarra, Lars Jeppesen danimarkarra, Kim Andersson eta Stefan Lovgren suediarrak; eta bigarren lerroan, Kavticnik esloveniarra, Ahlm suediarra eta Klein alemaniarra. Izena eta izana, Kiel talde bat baita.



ITXAROPENTSU. Horrek guztiak, hala ere, ez ditu beldurtzen Portlandeko kideak. «Talde ikusgarria da, zozketan zegoen aurkaririk zailena. Gogoz gainezka dago Kiel, Txapeldunen Liga irabaztea du begi artean. Baina, noski, guk ere txapela nahi dugu, eta ahal dugun guztia egingo dugu finalera iristeko. Oso kanporaketa gogorra izango da», esan zuen atzo Ekisoainek.

Kielek Veszprem kanporatu zuen final-laurdenetan. Joanekoan 39-36 galdu zuten alemaniarrek Hungarian -sasoi honetan Txapeldunen Ligan galdu duten partida bakarra-, baina itzulikoan ederki baliatu zuten zaleen babesa alde hori ezerezean uzteko -39-32 irabazi zuten-. Kielek jokatzen dituen partidetan gol asko egon ohi dira. Ekisoainen ustez, «normala da hori, erasoko jokoa baitu makulu. Defentsan ezer gutxi egiten du».

Ekisoain ez dago ados Ciudad Real kanporatu ondoren txapela irabazteko faboritoa Portland dela diotenekin. Aitzitik, Kielek du aukera gehien finalerako sailkatzeko, itzulikoa etxean jokatuko duelako. «Abantaila da, baina ez erabakigarria. Finalean aritzeko, bi partidetan jokatu beharko da ondo. Zaila izango da Kielen jokatzea, baina bitan irabazi dugu han. Joanekoan, Iruñean egiten dugun lanaren araberakoa izango da jasoko dugun saria».



«Talde ikusgarria da, zozketan zegoen aurkaririk zailena. Oso kanporaketa gogorra izango da»

francisco javier ekisoain, 'zupo'
portland san antonioko entrenatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.