Irabazi beharra dauka

Miarritzek irabazteko premia larriarekin jasoko du Perpinya, hurrengo bi partidetan etxetik at ariko baita

Dane Haylett-Petty Miarritzekoa, denboraldi honetako partida batean. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Sasoia hasi besterik ez da egin, baina dagoeneko denboraldiko partida garrantzitsuenetakoa izanen da. Perpinyari irabazteak besterik ez dio balio gaur Miarritzeri. Lehen lau jardunaldietan irabazteko gai ez da izan Aguilerako hamabostekoa. Horrek sailkapeneko azken postura eraman du, hiru punturekin. Lehen lau partida horietatik bi, gainera, etxean jokatu ditu, Agen eta Castresen aurka: bat berdindu du, eta bestea galdu. Hori guztia kontuan hartuta eta Top14ko hurrengo bi partidak etxetik kanpo jokatu beharko dituela, Miarritzeri irabazteko tenorea heldu zaio.

Aguileran badakite gauzak ez daudela oso ongi. Hala ere, gauzak lasai hartu nahi dituzte, Munduko Kopak eta lesioek eragindako hutsuneak aipatuz. Gurditik tiratzeko ardura taldeko jokalari gazteei eman diete, eta oraingoz ezin da erran emaitza onik lortu duenik hautu horrek. Jokalarien aldetik ez da inplikazio eskasik nabari. «Pena da, denek indar anitz egiten dugu, baina, azkenean, emaitza onak ez dira iristen», aitortu du Charles Gimenez Miarritzeko erdikoak.

Entrenatzaileen aldetik, gazteenganako jarrera babesa eta presioaren artean kokatzen da. «Gazteek kalitatea daukate, baina agian goizegi da haientzat», dio Patrice Lagisquetek, babeskor. «Gazteek ohartu behar dute klubaren izena dagoela jokoan, eta orain ez duela gehiago balio nerabea izateak. Burua sartu beharko dute, eta klubarentzat xehaturik bukatzeko prest egon beharko dute», azpimarratu du Serge Milhas aitzinekoen entrenatzaileak.

Eskarmentuaren aldeko hautua

Perpinyaren aurka jokatu aurretik, huts egiteko lizentziak bukatu zaizkio Miarritzeri, eta aitzakiek ez dute balio. Gazte ala zahar,irabazteko presioarekin jokatuko du partida Miarritzek gaur Aguileran. Puntu beharrak baldintzatu du aste osoa Lapurdiko kostaldeko herrian, eta hasierako hamabostekoan islatu da kezka hori. Entrenatzaileek, ahal izan duten neurrian, eskarmentuaren alde egin dute. Aitzinean bereziki ageri da hori. Pack-aren aitzineko bostekoan gazterik ez dago, eta Coetzee, Marconnet, Thion eta antzeko jokalariak ariko dira. Hirugarren lerroan, ondo jokatu duten Lauret eta Molcard gazteak ariko dira, baina 8 postuan Faureren esperientziaren alde egin du Milhasek, Gray gaztearen dohain atletikoen kalterako.

Gibelean ere kezka hori nabari da. Entrenatzaileek ez dute dudarik izan jokalariak haien usaiazko postutik kentzeko, esperientziazko gibeleko lerro bat osatzeko. Deigarria da barnekoen bikotea Bidabe eta Bolakorok osatzea. Biak usaian hegalean ari dira, baina gaur erasoaren erdia osatuko dute. Urteak dira taldean daudela, eta elkar ongi ezagutzen dute. Top14an duten esperientziak anitz eragin du biak hasieratik zelairatzeko.

Haien ondoan, Haylett-Petty osatu eta berehala hasierako taldean eman du Jack Isaacek, 15 postuan. Balshawekin batera, bere dohainak eta nazioarteko maila goreneko esperientzia ekarriko du australiarrak. Harrobiko gazteek beste aukera baten zain egon beharko dute. Miarritzek ezin du Perpinyaren aurka huts egin, are gehiago kataluniarrek haien azken bi partidak irabazi dituztela jakinda. Eskarmentuzko jokalarien txanda da. Irabazteko txanda da.

MIARRITZE-PERPINYA

Miarritze. Coetzee, Hegi, Marconnet; Thion (kapitaina), Taele; Molcard, Faure, Lauret; Lesgourgues, Peyrelongue; Caprice, Bidabe, Bolakoro, Balshaw; eta Haylett-Petty.

Perpinya. Freshwater, Delonca, Bourrust; Olibeau, Tchale-Watchou; Guiry, Chouly, Perez (kapitaina); Cazenave, Bosch; Sid, Coetzee, Cross, Michel; eta Porical.

Epailea. Jean Luc Rebollal.

Lekua. Aguilera (13.500 ikusle).

Ordua. 20:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.