Irabazi beharreko partidak dituzte Gescrap Bizkaiak eta Lagun Arok

Etxean ariko dira biak, Estudiantesen aurka bizkaitarrak (12:30) eta Alacanten aurka donostiarrak (18:00)

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Gescrap Bizkaiak eta Lagun Aro Gipuzkoa Basketek irabazi beharreko partidak dituzte gaur, hala egiten ez badute espero ez zituzten komeriak pasa ditzaketelako. Bizkaitarrek Estudiantes hartuko dute Miribillan, eguerdian, eta, Katsikarisek esan bezala, hutsik egin ezin duten norgehiagoka bat da, madrildarrena talde apalagoa delako, ez delako neurria ematen ari eta Gescrapek Kopa jokatzeko txartela ematen duten zortzi postuak bi garaipenera dituelako. Norgehiagokak berrikuntza garrantzitsu bat dauka: Estudiantesek Rodrigo de la Fuente eskolta fitxatu du bere bi atzerritarrak —Luis Flores eta Antoine Wright— egiten ari diren lan txarra estaltzeko.

Lagun Arori dagokionez, bi izenek bereganatu dute arreta handiena: Jimmy Baronek Gipuzkoako taldeari dagokionez eta Kyle Singlerrek Alacanten aldetik. Rhode Islandeko unibertsitatean jokatu zuen lehenak, eta Duke entzutetsuan bigarrenak, eta elkar ezagutzen dute. Zortzi hiruko sartu zituen Baronek partida hartan, eta motibazioz beteta ariko da. Kontuz Alacantekin, dena den, zortzi onenen artean baitago ligako lehen laurdena jokatuta, eta hori ez da kasualitatea. 5-3 balantzearekin dago, eta Singler bera, Kaloyan Ivanov, Lamont Barnes, Llompart... talde osatua dauka Bidorretak. Lanak emango dizkio Lagun Arori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.