Irabazi beharrekoa da

Osasuna Malagari irabaztera behartuta dago bihar, Europako postuetan beste astebetez jarraitzeko

Iruñea
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Hilabete baino gutxiago geratzen da Liga amaitzeko, eta, ia sasoi osoan bezala, sailkapeneko postu gozoenetan jarraitzen du Osasunak, datorren denboraldian Europan lehiatzeko aukera ematen duten postuetan. Hargatik, sailkapeneko seigarren postuari eutsi ahal izateko, bihar Malagari irabaztera derrigortuta dago Jose Luis Mendilibarren taldea, are gehiago azken asteburuan Betisen aurka galdu ondoren, eta sailkapeneko bosgarren posturik 11.era dagoen lehia bizia kontuan hartuta. Europako postuetan jarraitu ahal izateko, derrigorrezkoa izango da Malaga menderatzea. Gainera, irabaziz gero, Txapeldunen Ligako postuetan den Malaga bera bi puntura soilik izango dute gorritxoek. Argi dago irabazi beharreko norgehiagoka dela nafarrentzat.

Sasoia amaitu bitarteko bost partidetatik hiru etxetik kanpo jokatu behar ditu Osasunak, eta, helburua lortu ahal izateko, etxean jokatu beharreko biak irabaztea ezinbestekoa da. Malaga eta Realaren aurkako norgehiagoketan kale eginez gero, etxetik at puntuak hirunaka batzera derrigortuta izango da Iruñeko taldea, eta denboraldi honetan argi geratu da etxetik urrun asko kostatzen zaiola partidak irabaztea. Etxean zein etxetik at berdin balio dute garaipenek; baina etxetik kanpoko ezintasuna ikusita, etxeko biak irabaztea ezinbestekoa dirudi, eta, Malagaren aurka kale eginez gero, gauzak okertu egingo zaizkie gorritxoei. Presio horrekin ariko dira bihar nafarrak. Baina, zaleen babesarekin, edozein talde mendean hartzeko gai direla erakutsi dute, eta, Malaga talde arriskutsua izanagatik, hiru puntuen bila zelairatu beharra dauka Mendilibarren taldeak.

Jon Etxaidek sorbalda osatzeko ebakuntza jasan beharko duela jakin den astean albiste onik ere izan du Osasunako entrenatzaileak, eta, azken asteetako arazoak gaindituta, Marc Bertran hasieratik jokatzeko moduan izango da. Taldeko golegile nagusia, Raul Garcia, partida bateko zigorra bete beharrean da, dena dela, eta Cejudok, Lamah-k, Ninok eta Lekicek arduratu beharko dute gola sartzeaz. Norgehiagoka estua iragar daiteke; baina hainbeste jardunaldi postu gozoenetan egin eta gero, egiaren orduan kale egiterik ez dauka Osasunak. «Osasunari sailkapenean aurre hartu nahi baldin badiote, ondo egin beharko dituzte gauzak atzetik datozenek; guk ez diegu erraztasunik emango, ez diegu ezer oparituko», esan zion herenegun Marc Bertranek egunkari honi. Iruñeko taldeko jokalariek argi daukate gutxitan izango dutela horrelako aukerarik, eta sasoia amaitu bitartean ahalegin berezia egiteko prest daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.