Irabazi beharrekoa

Malaga azken sailkatua izan arren, maila handiko jokalariak dituen taldeari nagusitu beharko zaio gaur Reala bolada txarra etetekoMikel Aranburu, Raul Tamudo eta Gorka Elustondo deialdira itzuli dira

David Zurutuza Realekoa, lurrean etzanda, orain bi aste, Levanteren aurka sartutako gola ospatzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Reala aldatu egin da aurreko denboraldikoarekin alderatuta. Talde oldarkorragoa eta dinamikoagoa da erasoan. Ikaragarrizko erraztasunik ez du gola sartzeko, baina erregulartasunez ari da, eta ia beti sartzen du bat, gutxienez. Defentsan, aldiz, asko sumatu du jauzia. Geldikako jokaldietan asko ari da sufritzen, eta aurkariek ez dute askorik egin behar atea zulatzeko. Dena den, zenbait gauzatan aurreko sasoikoa da Reala: sendo ari da etxean, eta irabazi beharreko partidetan seguru ari da. Horietako bat da gaurkoa, mailari eusteko helburuan aurkari zuzena baita Malaga.

Anoetan lortutako zortzi garaipenak altxorra dira Realarentzat. Azken sasoian ere etxean erakutsitako segurtasuna ezinbestekoa izan zen igoera lortzeko. Bigarren itzulian aurkari zuzen askok jokatu behar izan zuten Anoetan, eta guztiak atera ziren burumakur. Horrek ez du esan nahi Realak hankapean ibili zituenik, baizik eta sufritzen jakin zuela, eta urrezko puntuak lortu zituela diziplinari, talde lanari eta zaleen babesari helduta. Beste horrenbeste egin nahi du orain. Levante da Anoetatik onik atera den bere ligako talde bakarra. Emaitza garratza izan zen berdinketa. Jokoari erreparatuta ere, denboraldi honetako partidarik eskasena egin zuen Realak. Bizitasuna falta izan zitzaion oinetan, eta inspirazioa erabakiak hartzerakoan.

Taldeak ez du nahi halakorik errepikatzerik. Hiru jardunaldi dira jada irabazi gabe. Badirudi Espanyolen zelaian agortu zitzaiola emaria. Lehen zati polita egin zuen, baina bigarren zatian nora ezean aritu zen, eta ondorengo bi norgehiagoketan ere ez du aurkitu iparrik. Levantek kate motzean lotu zuen, eta ez zion zirrikiturik utzi bere jokoa egiteko. Deportivo ere iaioa da defentsan, eta ofizioan oinarrituta nagusitu zitzaion. Aurkarien lan onari, lesioak eta zenbait jokalari garrantzitsuren egoera fisikoa gehitu behar zaizkio. Sasoia luzea da, eta normala da jokoan gorabeherak izatea. Reala ez da benetako Reala izan azkenaldian, eta bere onera itzuli nahi du lehenbailehen.

Aitzakia gutxi daude gaurkoan. Partida igandean da, arratsaldeko bostetan, eta gorriak ikusten ari den arerioaren aurka. Azken hamar jardunaldietan garaipen bakarra lortu du Malagak. Gainera, jokalari garrantzitsuak berreskuratuko ditu Martin Lasartek: Aranburu, Elustondo eta Tamudo. Zelai erditik aurrera jokalari guztiak ditu bere aginduetara entrenatzaileak, Llorente izan ezik. Demidov, berriz, min hartuta dago, eta Sutil, Carlos Martinez eta Illarramendi deialditik kanpo gelditu dira. Mutrikuarrak oso dohain onak erakutsi ditu titular gisa jokatu dituen bi partidetan, eta zale askok hamaikakoan jarraitzea nahi zuten, baina Eibarren aurka jokatu zuen atzo, Reala B-rekin.

Bi garaipen falta zaizkio

Irabaztea da azken egunotako eztabaida antzuari taldeak egin diezaiokeen ekarpenik onena. Egia da Europako postuak gertu daudela oraindik, baina egia da baita ere lehen helburua, mailari eustea, ziurtatu gabe daukala. Bi garaipen nahikoak izan daitezke horretarako, eta, gaur irabaziz gero, lan erdiak izango lituzke eginak. Azken sailkatua da Malaga, eta hondoratuta utziko luke.

Arazo ekonomikoek itota, atzerritar aberatsen magalera igotako taldeetako bat da Malaga. Al Thani xekeak bereganatu zuenetik, dirua barra-barra gastatu du, udako zein neguko merkatuan. Gauzak gaizki joan zitzaizkion hasieratik, eta Mauricio Pellegrini fitxatu zuten, jokalarien talentu ukaezina bideratzen asmatuko zuelakoan. Baina usteak erdia ustel. Oinak lurrean ditu txiletarrak, baina emaitzek ez diote lagundu. Azken bi porrotek hautsak harrotu dituzte. Santiago Bernabeun ez zituen jokalari onenak zelairatu, eta jipoia jaso zuen. Azken jardunaldian, berriz, amaieran galdu zuen Osasunaren aurka, gehiago merezi arren. Baina Reala ezin da fidatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.