Irabazi eta itxaron. Modu orokorrean erraza da laburbiltzen Osasunak Europako Ligarako sailkatzeko egin behar duena. Lehenbizi, Racingen etxean irabazi behar du (Racing dagoeneko mailaz jaitsi da). Gero, Levantek eta Mallorcak ez irabaztea behar du, edota Atletico Madrilek galtzea. Hirutik bi behar ditu karanbola asmatzeko. Athleticen emaitzak, bestalde, ez du eraginik, Espainiako Kopako finalerako sailkatzeagatik txartela ziurtatuta daukalako, eta lehen sei sailkatuetan sartuz gero zazpigarrena ere Europara joango litzateke.
Bost dira azken jardunaldiaren ondoren matematikoki Europa Ligako postuetan amaitzeko aukera duten taldeak: Osasuna, Malaga —Osasunak ezin du pasatu—, Atletico Madril, Levante eta Mallorca. Ez dago bost talde horien arteko partidarik azken jardunaldian. Estatistikak dio 128 emaitza konbinazio daudela, eta horietatik 47k Osasuna Europan sartuko lukete: %26. Matematikei begiratuta, gorritxoak dira boskotean aukera gutxien dutenak.
Nola sailkatzen da Osasuna? Irabaziz gero, Atleticok galtzen badu eta Mallorcak edo Levantek berdintzen badute, edota azken bi horiek irabazten badute. Eta berdinduz gero? Levantek eta Mallorcak galtzen badute, biekin gol aldea irabazita daukalako Osasunak. Gorritxoek deus ere jokoan ez duen hondoa jota dagoentalde baten aurka jokatuko dute. Tamalez, baina, Osasuna ez da aurkari egokia duen bakarra, Levantek Bilbon jokatuko baitu, eta Mallorcak Real Madrilen zelaian. Teorian, etxetik kanpoko partida oso zailak beharko lukete, baina Athleticek zein ligako txapeldunak ez dute ezer jokoan. Ez da hori Atleticoren kasua, VIla-Realen jokatuko baitu, zeina jaitsiera saihesteko lehian sartuta dagoen, eta Madrilgo taldeak biharko Europako Ligako finalean pilaturiko nekea ere aurka izango du.
Lolok lotailua urratu du
Lolok ezingo du jokatu ligako azken jardunaldiko partida, eta baliteke ebakuntza egin behar izatea. Osasunako euskarriak ezker belauneko barneko lotailua urratu zuen Realaren aurka, eta medikuek lesioak duen bilakaeraren arabera erabakiko dute ebakuntza egin edo ez. Era berean, Mendilibarrek duela aste batzuk aurreratu zuen hurrengo sasoirako taldea prestatzen ari direla, eta Nano Numancia taldeko erdilaria izan daiteke fitxatuko duten lehen jokalaria. Jokalariak berak aitortu du negoziatzen ari dela eta akordioa ez dagoela urrun.
Irabazi eta irratia piztu
Osasunak, Racingi irabazteaz gain, aldeko beste emaitza batzuk ere behar ditu Europa Ligarako sailkatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu