Faborito ziren, eta batzuentzat faborito izaten jarraitzen dute oraindik ere. Baina Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak hobe dute gaur Mutiloabeitin jokatuko partida irabaztea (22:15, ETB 1), komeria dezente izango dutelako bestela. Lehen lau partidak irabazita, eroso ekin zioten Binakako Txapelketari, baina Irujoren gaixoaldiak eta Barriolaren nahi eta ezinak kinka larrian jarri dute bikotea. Azken sei partidetatik bost galduta, laugarren postuan daude une honetan sailkapenean. Hori bai, eurekin berdinduta daude Berasaluze VIII.a eta Albisu eta Bengoetxea VI.a eta Apraiz. Finalerdietako ligaxkan sartu nahi badute, erreakzionatu beharra daukatela, alegia.
Lau partida geratzen dira lehen ligaxka amaitzeko, eta erdiak irabazita, tanto aldeari begira egon beharko luke txapelketa hasi aurretik faboritoetako bat zen bikoteak. Lautik hiru irabaztea komeni, beraz. Eta, ondo bidean, hurrengo bi jardunaldietan eman beharko lukete kolpea Irujok eta Barriolak, azken bi sailkatuen aurka ariko direlako. Arretxe II.ak eta Beginok jokatutako hamar partidak galdu dituzte, eta ez daukate zereginik. Aritz Lasa eta Zubieta —Pascual ariko da atzelari lanetan—, berriz, asteburu honetan gera daitezke ia aukerarik gabe, Bengoetxea VI.a eta Apraizen aurka galtzen badute.
Atzo Olaizola II.ak eta Beroizek eta Titin III.ak eta Merino II.ak aukeratu zituzten etziko partidarako pilotak, eta goizuetarrak haserre amaitu zuen saioa, aurkarien pilotak biziegiak direla iritzita. Errioxarrek hanka eta erdi finalerdietan izango lukete liderren aurka irabaziz gero.
Irabazi ezean, komeriak
Martinez de Irujok eta Barriolak irabazi beharreko partida daukate gaur, Arretxe II.a eta Beginoren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu