Lehen bost jardunaldietan hiru porrot pilatuta, zuloan sartzen hasi da Osasuna. Lehen Mailari neurria hartu ezinik dabiltza nafarrak, eta bi puntu besterik ez dauzkate oraindik. Espanyolen aurka, jokoan, Osasuna ez da izan askoz gutxiago, baina erabakigarriak izan dira goleko jokaldi argiak. Sergio Leonek (4. min.) eta David Garciak (15. min.) 1-0ekoa lortzeko aukera onak eduki dituzte lehen zatian, baina Leo Baptistaok sartu du partidako lehen gola, atsedenaldia gain-gainean zenean (42. min.).
0-1ekoarekin, Oriol Riera zelairatu eta berdinketaren bila joan da Osasuna aldageletatik bueltan, eta 67. minutuan iritsi da saria. Sergio Leonek lortu du berdinketaren gola, eta sua piztu du harmailetan. Hori bai, berehala itzali da berotasuna, Gerard Morenok 72. minutuan sartu duelako behin betiko 1-2koa. Espanyolen denboraldiko lehen garaipena da.