Urrea balio dute gaur Lizarran jokoan izanen diren bi puntuek, Itxako Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkarako sailkatuko baita lortzen baditu, datorren asteburuko azken jardunaldian gertatzen dena gertatzen dela ere. Lehen ligaxkako azken-aurreko jardunaldian, Errusiako Dinamo Volgograden aurka jokatuko dute nafarrek, etxean. Talde hori mendean hartzea zer den badakite nafarrek, haren pistan 25-27 irabazi baitzuen Itxakok, urriaren 1ean. Etxeko puntuei eustea da Ambros Martinen jokalarien helburua, baina ez da lan erraza izanen.
Errusiarrak ostegunean ailegatu ziren Lizarrara. Nafarren aurka galduz ekin zioten Txapeldunen Ligari, baina Dinamoren jokoak hobera egin du geroztik lehiaketa horretan, eta hurrengo fasera pasatzeko aukerari eusten diote oraindik ere. Dinamok bederatzi golen aldearekin irabazi zion Buxtehuder taldeari Alemanian, eta Errusian Oltchim hartu zuen mendean. Errumaniarren aurka bakarrik galdu du Itxakok ligaxkan orain arte, hirugarren jardunaldian (22-25).
Emaitza horiek guztiek aurkari hagitz arriskutsu bilakatzen dute Dinamo. Etxean ariko da Itxako, eta zaleak alde izanen ditu, baina giroa baino zerbait gehiago beharko dute jokalari nafarrek Txapeldunen Ligako finalerako bidean bertze urrats bat egin ahal izateko. Ambrosen taldearentzat garrantzitsua da bigarren ligaxkara lehenbailehen pasatzea. Pixka bat lasaitzeko aukera emanen lioke, beraz, gaur irabazteak. Ez da nolanahiko gauza hori Itxakorentzat, atseden hartzeko tarte estua baitu taldeak.
Defentsa estutu
Defentsa sendoa da Itxakoren ikur nagusietako bat, eta sendotasun hori beharko du gaur, zalantzarik gabe, errusiarren aurka. Dinamoko jokalarien artean Anna Kotxetova da nabarmenenetako bat. Lehen ligaxkako orain arteko lau partidetan 24 gol sartu ditu, sei partidako.
Errusiarren erritmoa apurtu eta berak dakien moduan jokatzeko aukerak sortu beharko ditu Itxakok gaur, partida bere alde jarri ahal izateko. Pistan kontzentrazioari eustea inoiz baino garrantzitsuagoa izanen da Ambrosen jokalarientzat. Zaleak Lizarrako jokalariak babesten saiatuko dira. Etxeko partidetan ohiko bilakatu dira jada Sukar Horia peñako kideek prestatzen dituzten bazkariak. Gaur ere eginen dute, giroa norgehiagoka hasi aurretik berotzen hasteko.
Txapeldunen Ligako txapeldunorde da Itxako, eta bigarrenez finalerako sailkatzeko bidean urrats garrantzitsua egin dezake gaur Lizarrako taldeak. Ez da gaurkoa, gainera, aukera bakarra, lehen ligaxka hurrengo asteburura arte ez baita amaituko.
Irabazi, sailkatzeko
Dinamo Volgograden aurka jokatuko du Itxakok gaur, Lizarran, Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako bosgarren partidaErrusiarrei irabazten badiete, bigarren ligaxkara pasatuko dira nafarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu