Irabazi, zalantzak uxatzeko

Athleticek garaipen bat behar du proiektu berria sendotu eta taldearen inguruan dauden dudak ez areagotzekoGaur irabazteak lasaitasuna ekarriko luke, eta urratsa litzateke ligaxka gainditzeko

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Athleticentzat eta haren jarraitzaileentzat gauza handia da Europako Ligan parte hartzea. Ez da urteroko kontua. Zuri-gorriei asko kostatzen zaie Europarako sailkatzea. Beraz, gaur Bratislavan hasiko den bidea merezi duen moduan dago baloratu beharra. Irabazi eta multzoko aurreneko bi postuen bila lehiatzea bezain garrantzitsua da lortutakoarekin gozatzea. Inork ez baitaki noraino ailegatzeko gai izango den Athletic. Eta inork ez daki, halaber, noiz sailkatuko den berriro talde zuri-gorria Europa mailako lehiaketa baterako.

Baina, egun, Athletic eta haren ingurua ez dira ari baloratzen Europako Ligan jokatzeak duen meritua. Bestelako lehentasunak daude. Zuri-gorrien jokoak eta orain arte jokatutako partidetan eskuratutako emaitza txarrek eragindako zalantzak uxatzea da kezka nagusia gaur-gaurkoz. Ez dago atzera begiratzeko astirik. Ezta etorkizunari ere. Orainari baino ez zaio erreparatu behar. Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzailea denetik irabazi ezinik dabil talde zuri-gorria. Hiru partida ofizial baino ez ditu jokatu—bat Europako Ligan eta bi Espainiako Ligan—, baina, egun, nahikoa da lehen balorazioak egiteko. Pazientzia eskatzea alferrikako ahalegina da. Futbola, gurean, horrelakoa da, eta kito. Futbolariek ere argi dute hori. «Autokritika egin behar dugu. Ez da nahikoa jokoa hobetzearekin. Puntuak behar ditugu», aitortu du aste honetan Gaizka Toquerok. Aurrelari gasteiztarra zuhurra da. Esaten duen guztia ondo neurtzen duena. Eta, hala ere, argi dauka emaitza onak behar direla aurrera egiteko.

Slovan mendean hartzeak hiru puntu baino gehiago eman diezazkioke Athletici. Proiektu berriarekin abiarazitako bideari sinesgarritasuna emateko balioko du. Hartutako bidea egokia dela baieztatzeko, alegia. Egunero egiten den lanak balio duela barneratu behar dute familia zuri-gorria osatzen duten alde guztiek. Ez baitu erraza izan behar egunero lan saio amaigabeak egin eta horrek saririk ez daukala ikustea. Emaitza txarrek ahaleginak ez duela merezi pentsaraztea ekar diezaiokete jokalariari. Eta jakinekoa da gauzak ondo egin ahal izateko ezinbestekoa dela egiten dena egokia dela sinestea. Gainontzean ez dago zereginik. Bide batez, jarraitzaileak lasaitzeko balio baldin badu, gaitzerdi.

Garaipenek estali egiten dituzte taldeen gabeziak. Athleticek ez du zorte hori izan. Berdegunean gauza asko dituela lantzeko ikusi da. Eta azken emaitzek ez dute aukerarik eman beste kontu batzuen inguruan berba egiteko. «Zelaian ordenatuago eta elkarrengadik gertuago egon behar dugu», esan du Toquerok. Lerro artean distantzia handiegia lagatzen du Athleticek. Beraz, aurkaria Bielsak proposatzen duen presio aurreratu hori gainditzeko gai denean zulo asko aurkitzen ditu Iraizozen atean arrisku jokaldiak sortzeko. Hau da, presioa egitean talde guztiak egin behar duela aurrera. Eta presioa egiteko aukerarik ez dagoenean talde guztiak babestu behar duela atea. Oraingoz ez du hori egitea lortu.

Horrez gain, ate aurreko eraginkortasuna dago hobetu beharra. Joaquin Caparrosek zuzendu zuen Athleticen dohain nagusietako bat zen hori. Zuri-gorriek ez zuten aukera asko sortu behar izaten golak sartzeko: korner bat, falta bat, barneraldi bat, bost minutuko eraso erauntsia… nahikoa zen gola sartzeko. Fernando Llorenteren ekarpena zen arrakastaren giltza. Egun, ordea, maila eskasa ematen ari da aurrelaria. Izan ere, Athletic aukera asko ari da sortzen. Jokalari askorekin ailegatzen dira zuri-gorriak aurkariaren area ingurura. Baina bai azken pasean baita errematean ere huts egiten ari dira. Arlo horietan asko dago hobetzeko.

Beldurrik gabe

Hala ere, ez pentsa zuri-gorriak txarto egiten ari direnik dena. Baikor egoteko arrazoiak ere eman dituzte. Batez ere, jarrera da ona. Lehen minututik neurketa irabaztera doan taldea da Athletic. Kikiltzen ez dena. Baloia berreskuratu eta aurrera egiten duena. Bai etxean, baita zaleen babesetik urrun ere. Gaur ere jarrera horrekin zelairatuko da. Aurrean, Erroma indartsua kanporatzeko gai izan den taldea izango du. Luis Enriquek zuzentzen duen taldea gainditzeko gai denak derrigorrez izan behar du dohainen bat. Eslovakiako Ligan ere lehen postuan egon da azken jardunaldira arte. Beraz, ez da komeni aurkaria gutxiestea. Hala ere, ez dirudi Athletic baino talde hobea denik.

Bielsak aldaketak egin beharko ditu. Herrera min hartuta dago, eta San Jose etxean geratu da, bere aita zendu delako. Horrenbestez, Iraola eta Ekiza hasieratik ariko dira. Eta Gurpegik—lehen partidetan eskuin hegalean aritu da— Herreraren lekua beteko du. Iturraspek ere hasieratik jokatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.