Irabaziz amaitu nahi du

Japonian beste kolpe bat emanda, Lewis Hamiltonen helburua Fernando Alonsoren abantaila murriztea da

Irabaziz amaitu nahi du.
Laurentzi Garmendia
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Beste tsunami batek jo du Japonia aste honetan, bestelako eragina duen batek. Mercedesen inguruan eratu da, denbora luzez batera eta bestera ibili ostean. Lewis Hamiltonek (McLaren) bizitza osoko taldea utziko du datorren urtean, baina betiko motorra izango du. Mercedesek egindako eskaintza onartu du azkenean ingelesak, aldaketa behar zuelakoan. Horrek zuzeneko ondorioa izan du: Michael Schumacher taldetik at uztea, hain zuzen ere. Gidari historiko horrek denbora zeraman bere etorkizuna argitu nahian. Atzerapen hori haren kalterako izan da, tartean taldea Hamiltonekin negoziatzen aritu baita. Bi aldeak ados jarri ostean, Schumacherrek erabakia azkartu behar izan du.

Jarraituz gero, ez zuen aukera askorik, eta Sauber aipatzen zen gehienbat, haiekin harreman ona duelako. Baina aukera horrek ez zuen oinarri sendorik, Schumacherren eta Sauberren arteko lotura aspaldikoa delako, bietako inor oraindik 1 Formulan ez zegoen garaikoa. Ez zitzaion aukera askorik gelditzen kaisarrari, eta taldeetan ate-joka aritu ordez berriro agur esatea erabaki du. Hamiltonek behartu du mugimendu hori, jakina baitzen haren erabakiak merkatua hankaz gora jar zezakeela. Dantza hasi da, baina ez da amaitu.

Hamiltonen lekua Sergio Perez mexikarrak beteko du McLarenen. Ferrarik esperientzia falta jarri zuen hura ez fitxatzeko arrazoi gisa. Aldiz, McLarenek uste du bikote orekatua osatuko duela Jenson Buttonekin. Perezen mugimenduak Sauber taldean aukera erakargarria ireki du. Jaime Alguersuari da hutsune hori betetzeko hautagaietako bat.

Oraindik bada saltsa gehiago; Ferrarin, batez ere. Asko atzeratu dute Fernando Alonsoren taldekidearen izena, eta horrek aukerak asko murriztu dizkie. Ez dago lehen mailako gidari librerik. Horrek Felipe Massaren alde jokatuko du, Ferrari ez baita gutxiagorekin konformatuko. Williamsen ere baliteke bi eserleku libre egotea, Maldonadok atzo adierazi baitzuen ezer ez duela sinaturik.

Zurrunbilo horren erdian, autoek Suzuka bikaina izango dute lehiarako plaza. Alonsok nola edo hala eusten dio aldeari, McLaren eta Red Bull indartsu badaude ere. Falta diren sei lasterketek guztia alda dezakete, Japonian hasita. Azken lasterketetan ikusi den bezala, McLaren eta Red Bull dira Alonsoren amesgaiztoak. Hamiltonek titulua lortuta alde egin nahi du McLarenetik, eta motibazioa duenean zaila da hura geldiarazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.