Irabaztea da aukera bakarra, Fenerbahceren aurka galtzeak ez baitu bueltarik

Bilbo Basketek etekina atera nahi dio 'Miribilla efektuari', eta denboraldiko helburu mamitsuenari eutsi

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Behar gorria iritsi da. Askok espero baino lehenago, baina emaitzek bere lekuan jarri dute Bilbo Basket. Etxean hutsik egiteko aukerarik gabe uzten duen egoera, hain zuzen ere. Zirt edo zart egin beharreko partida izan gabe, erabakigarria da, galtzekotan ia ezinezko edukiko dutelako bizkaitarrek Top16a. Irabazi behar da, eta Miribilla efektuari etekina atera, 2-2 balantzearekin lasaitasun apur bat lortzeko, ez baitatoz lasai urak Bilbo aldean. Nancyen edo Cantun, bietako batean irabaztea espero zen, baina batean kolpe mingarria jaso zuten masail batean, eta astebete geroago, Cantun, beste masailean.

Serio jarri da Fotis Katsikaris, eta intentsitatea eskatu du, beste taldeko joko antolatzailea estutzeko, eta aurreko sasoi bukaeran egin zuten defentsa jokoa berreskuratzen saiatzeko, bestelakoan jai baitute. Entrenatzaileak esan du ez duela pentsatu nahi galtzekotan zer gerta litekeen, «irabazi egingo dugulako». Fenerbahceri buruz, «Euroliga irabazteko eraikitako talde bat» dela esan du.

Arrazoia du Katsikarisek, Fenerbahcek Euroliga bera zuelako helburu udan. Lehen hiru jardunaldietako emaitzak ikusita, ordea, urrun du Lauko Finala, eta tentuz ibiltzen ez bada, Top16a ere bai. Lehen bi partidak galdu zituen, Baskonia eta Olympiakosen aurka, eta Nancy larri menderatu gaur zortzi (90-86).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.