Irabazteak balio du

Realak geratzen zaizkion aukera apurrei heldu nahi die, Mallorca mendean hartuta

Xabier Lopetegi.
2007ko martxoaren 11
00:00
Entzun


Realak geratzen zaizkion aukera apurrei heldunahi die, Mallorcamendean hartuta
XABIER LOPETEGI

Donostia

Paradoxikoa da Realaren bilakaera. Orokorki aztertuta, taldeak denboraldiko jokorik itxurosoena egin du azken partidetan. Badira salbuespenak, Recreativo edo Athleticen aurkakoak esaterako, baina Sevilla, Real Madril, Valentzia, Deportivo eta Zaragozaren kontrakoek aho zapore hobea utzi zuten. Azken bi norgehiagoka horiei heltzen diete jokalariek itxaropenari eusteko. Garaipena gertuago dutela diote. Gaur Mallorcaren aurka bide horri jarraituz gero, seguru iritsiko dela. Tamalez, ez da lehen aldia denboraldi honetan horrelakoak entzuten direla. Itxurak itxura, jokoan izan diren azken hogeita lau puntuetatik bakarra erdietsi du taldeak. Hori horrela, baikor hitz egitea ez da erraza.

Galtzailearen sindromeak jota dago Reala. Jokoa gehiago edo gutxiago menderatu, aukera gehiago edo gutxiago sortu, kemen handiago edo gutxiago erakutsi, azken emaitza beti da berbera. Mirarian sinesten dutenek jokalariek esandakoari jaramon egingo diote. Bada, ordea, azterketa errealista eta gordinagoa egitea. Deportivo eta Zaragozaren aurka gauzak behar bezala egin zituztela onartuta ere, horrek ez zuen ezertarako balio. Hau da, «egun onetan» ere, taldeak ez du irabazteko nahikoa egin, ez ditu partida berean gol abaguneak baliatu eta bere atea seguru ixtea lortu. Eta, lehiaketan, irabazteak balio du, ez beste ezerk, are gehiago Realaren egoeran. Bestalde, nork ziurta dezake gaur hainbestetan izan duen «egun txar» horietako bat berriz izango ez duenik?

Kontuak oso garbi daude. Puntuak behar ditu, eta gaurkoa «azken trena» izan daiteke, herenegun Gaizka Garitanok adierazi bezala. Mallorca, sailkapenari erreparatuta, aurkari zuzena da, hamabosgarren postuan dagoelako. Hamabost puntukoa da, hain justu, bataren eta bestearen artean dagoen aldea. Handiegia Realaren Liga berekoa dela esateko, baina horrela daude gauzak. Gimnasticek berak, denek hildakotzat jotzen zuten taldeak, hiru puntu ateratzen dizkio. Une honetan, mailari eusteko borrokatik at daude txuri-urdinak, eta lehia horretan muturra sartzea da euren buruari ezar diezaioketen helburu bakarra. Horretarako, irabazten hastea da modu bakarra.

Porrota alde batera utzita, pozerako motibo bat utzi zuen Zaragozaren aurkako partidak, behintzat: aspaldiko partez, Reala bi gol sartzeko gauza izan zen. Osasunaren eta Gimnasticen aurkako partidetan baino ez zuen lortu hori; orain arte irabazitako bi partidetan, hain zuzen. Herrerak, erasoan laguntzera etorritako aurrelariak, sarea zulatzea lortu zuen behingoz. Kovacevicek, ordea, pisu hori gainetik kendu gabe jarraitzen du eta orain arteko boladarik txarrena du dagoeneko. Lotinak, edonola ere, bikote horri eutsiko dio ziurrenik, Skoubo Danimarkan dagoelako, selekzioko medikuaren kontsultan. Diaz Zerio, ordea, garaiz osatu da eta oso litekeena da aulkian geratzea bere aukeraren zain.

Entrenatzaileak albiste txar ugari izan ditu azken egunetan. Txarrena, Juanitoren lesioa. Garitano, Victor Lopez eta Jesuli ere kili-kolo ibili dira, baina erdilariak hasieratik jokatzeko moduan egotea espero duela adierazi zuen herenegun. Labaka min hartuta dagoenez, Ansotegi deialdira itzuli da. Ondo entrenatzen duela eta harengan konfiantza baduela esan du Lotinak. Savioren itzulera da pozteko motibo nagusia. Zaragozaren aurkako partida, izan zuen joko irekia kontuan hartuta, ezin aproposagoa zen brasildarrarentzat. Reala ekimena hartzera behartuta dago gaur, eta lerroak apurtzeko ezinbestekoa izango da haren ekarpena.

Anoetako giroarekin ezingo dira kexatu jokalariak, beste behin bazkideek klubak euren eskuetan jarritako sarrera guztiak hartu baitituzte. «Azkenaldian eman diguten babesa sekulakoa da», esan zuen Lotinak. «Gauzak gaizki doazenean zale onak behar dituzu. Dena ondo doanean lagun asko agertzen zaizkizu, baina une txarretan agertzen dira benetakoak». Epaileei ez zien errua bota nahi izan: «Behean ez gaude epaileengatik. Jokalariena eta, batik bat, nirea da errua». Taldea Bigarren Mailara oraindik ez dela jaitsi gogorarazi zuen azkenik.



MALLORCA, ETXETIK KANPO AHUL. Erregulartasun falta da Mallorcaren gaitza, etxetik kanpo batez ere. Ono Estadiotik at jokatutako azken zortzi partidetatik sei galdu ditu eta baita gol dezente jaso ere. Realak baino bi gehiago guztira Liga osoan. Erasoan, ordea, hobeto dabil, txuri-urdinek baino hamar gehiago sartu baititu. Tristan eta Maxi Lopez denboraldi negargarria ari dira egiten, baina Jankovic erdilari oldarkorra agertu da gabezia hori ordezkatzeko, zortzi gol sartuta. Arango ere ez da beste denboraldi batzuetan bezain ondo jokatzen ari, baina martxa hartu du azken jardunaldietan eta Realari gehienetan eman izan dizkio arazoak. Atzealdean hutsune garrantzitsuak izango ditu Mallorcak: Nunes erdiko atzelari sendoa eta Navarro Bartzelonako ezker hegaleko ohia, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.