Iradierreko agurra, zazpigarrenarekin

Azken partida jokatuko du Caja Laboralek Gasteizko erdigunean, eta faborito argia da Manresari irabazteko

Andoni Urbistondo.
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskoniak iluntzean jokatuko du azken aldiz Iradier Arenan. Buesa Arena eraberrituko lanak bukatzear dira, eta Gasteizko hurrengo partida otsailaren 5ean jokatuko denez, agur esango zaio gaur urte erdiz taldearen etxea izan denari. Agurra polita izan dadin baldintzak betetzen dira: alde batetik, parez pare garaile izateko aukera gutxi duen talde apala: Manresa. Bestalde, arabarren bolada ona. Sei garaipen lortu dituzte errenkadan dagoeneko, baina ezin konformatu kopuru horrekin. Kopara partidarik galdu gabe eta ligako lidergoan iristea da erronka, eta horretarako, ezin kale egin ustez partida erraztzat jotzen direnetan.

Walshen estreinako partida

Bestelako kontua izango da hurrengo igandeko norgehiagoka, Real Madrilen aurka, edo urtarrileko azken bidaia, Sevillara. Berrikuntza garrantzitsuekin jokatuko du Baskoniak gaur. Joey Dorseyrenak egin du. Gasteizko taldea utzi eta berehala fitxatu du Olympiakosek, aspaldi taldea uzteko tratuan zebilen seinale. Matt Walshek ere lehen aldiz jokatuko du. Hilabeterako sinatu du, baina sasoia bukatu arte geratzea espero duela esan du, neurri ona emanda. Pau Ribasek beste bi asterako dauka, gutxienez.

Manresak ere bete samar dauka min hartuta dauden jokalarien txostena. Roman Montañezek ez du jokatuko. Hatza hautsi zuen Bartzelonaren aurka bi aste atzera, eta hilabeterako du. Javi Rodriguez Baskoniako jokalari ohia ere kili-kolo dabil, belauna bihurritu ostean. Jaume Ponsarnau entrenatzailearen arabera, apenas daukan jokatzeko aukerarik. Manresak Justin Doellmann dauka, ligako jokalari onenetakoa. Batzuetan ondo, besteetan eskas aritzen den Josh Asselin, eta jaurtitzaile trebe bi ditu kanpoko lerroan: Sergii Gladyr eta Micah Downs. Iradier Arenara bertaratzen direnek estatubatuarraren jauzi ikusgarriekin gozatzeko aukera izanen dute.

Arabarrek sasoi honetan hartu duten traza baieztatzeko beste aukera on bat izan liteke. Partidako 65,9 puntu bakarrik jasotzen ari da Baskonia, aspaldiko datu onena, eta bistan da Ivanovic dinamika horri eusten saiatuko dela. Ponsarnauk berak eman du arabarren zaintza lan horren gakoetako bat. «Laguntza lan aparta egiten dute, zentzu handiz, eta garaitzen zailak dira horri esker».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.