Zalantzarik gabe, aurten gehienetan aipatu den izena da Sebastian Vettelena. Eta onerako guztietan, gainera. Munduko txapeldunak ez baitu okerrik egin urte osoan. 24 urteko mutikoak helduen modura kudeatu ditu egoera guztiak, bai guztia alde zuenean eta bai egoera ilunagoa zenean —batez ere, orduan—. Egoera iluna horiek gutxitan gertatu dira, batetik eragotzi egin dituelako, eta bestetik haietatik azkar atera delako, luzatzen utzi gabe. Iazko lezioak ikasi eta haien irakasle bilakatu da aurten, maisu.
Ia ustekabean irabazi zuen txapelketa iaz, azken lasterketara iritsita Webberren eta Alonsoren arteko gauza izango zela baitzirudien. Vettelek ez zuen urte osoan txapelketako burua hartu, eta azken lasterketetan egin zuen gora. Bi faboritoak elkarri adi-adi begira egon izana aprobetxatu zuen, eta kasik konturatu gabe aurreratu zituen. Beste biak zeuden begirada eta argi guztien mendean; Vettel itzalean aritu zen, ordea. Aurten lehen unetik izan da begirada guztien jomuga, ezkutatu ezinda. Batzuk lehertu egiten dira, presio horri aurre egin ezinda, baina hor erakutsi du Vettelek ez dela behin-behineko zerbait. Benetan oinarri sendoak dituen gidari bat da, gidatzen azkarra den bezala buruz desoreka ezina.
Hutsak egin zituen iaz, eta ez edonolakoak, gainera. Batzuk harenak izan ziren; beste batzuk, taldearenak. Azkenean, titulua eraman zuten, bai berak eta bai taldeak, baina oso berandu. Huts horiek egin gabe, Vettelek askoz lehenago lortuko zuen titulua. Haren hutsak izan ziren Turkian Webberrekin izandako istripua eta Buttonekin Belgikan izandakoa. Taldeak are kalte handiagoa egin zion puntu kopuruan: Bahreinen motorrak indarra galdu zuen, Australian balazta diskoa hautsi zitzaion eta Korean motorra hautsi zitzaion buruan zelarik. Lasterketa horietan ehun puntu inguru galdu zituen. Gutxi gorabehera, gaur egun duen aldea.
Horixe baita aldea. Ehun puntu iazko eta aurtengo Vettelen artean. Berak egin du hori posible. Bridgestonerekin lortu zuen titulua iaz. Aurten, Pirelli pneumatikoak eta DRSa izan dira urteko berrikuntza nagusiak. Bai batarekin eta bai bestearekin ere inork ez du haren maila berdindu. Banan-banan landu zituen. Hasteko, Jerezen otsailean egindako probetan Vettel izan zen aleroi mugikorrarekin gehien jokatu zuena. Zuzenguneetan bakarrik erabili ordez, bihurguneetan ere probatu zuen, haren mugak non zeuden bilatzeko. Sailkatze saioan Red Bullek orain arte duen nagusitasun ukiezina hortik etor daitekeela diote, DRSa beste inork baino hobeto erabiltzen duelako. Eta Vettelek Webberrek baino hobeto, emaitzak aintzat hartuta.
Sasoi aurreko lana
Pneumatikoak ere ezagutu nahi izan zituen. Sasoia amaitu eta bost egunera Pirelliak probatzeko test saioa antolatu zuten taldeek, bi egunez. Sebastian Vettel txapeldun berria hantxe zen, erreserba gidari gehienen tartean. Gidari gehienek oporrak nahi zituztenean, laneko arropa jantzi zuen. Abenduan Pirelliren lantegia bisitatu zuen, pneumatikoen inguruan ahal zuen guztia ikasi nahian. Paul Hembery Pirelliko lehiaketa zuzendariak horren garrantzia azpimarratu zuen Italiako lasterketan: «Gugana etorri zenean, zur eta lur utzi gintuen, eta barrutik nolakoa den ikusteko aukera eman zigun. Gurekin egin zuena ikusita, argi daukat nola diharduen beste arlo guztietan. Horrenbeste galdera egin dizkigun beste gidari bat bakarrik dago, hura ere alemaniarra, makina bat txapelketa irabazi duena...». Urte osoan beste inork ez du Pirelliren lantegira bisita egin.
Vettelen denboraldiak baditu lasterketa gako batzuk. Hasteko, Australian txapelketa ireki zuena. Denboraldia irabaziz hasi zuen, sailkatze saioan markak eta aurkariak urrun utziz. Neguan hainbeste landutako berrikuntzak beste edonork baino hobeto barneratu zituen. Horrez gain, 1 zenbakiaren pisua neurtu zuen, eta horrela ere garaitu. Aldaketa izan zen garaipena, urtea ez baitzuen inoiz garaipenarekin hasi. Urte desberdina izango zen seinalea zirudien.
Alemaniakoa izan zen emaitza txarrena. Nurburgring kontrako eztarritik sartu zitzaion. Laugarren amaitu zuen, abiadura falta estrategia onarekin salbatuz. Etxeko zaleen aurrean urteko igande zailena igaro zuen. Alonso eta Hamilton gorakoan zeuden, eta bera, beherakoan. Hala ere, asteburu hartatik indartuta atera zen, txapelketa ez baita garaipenekin bakarrik osatzen, baita lasterketa zailetan lortzen diren puntuekin ere.
Azken lasterketa erabakigarria Italiakoa izan zen: han birrindu zituen besteen itxaropenak. Red Bullen zirkuitu ahulena zen, ustez, eta Ferrari nahiz McLaren ametsetan ziren Monzarekin. Vettelek han egindakoa ez dute ahaztuko. Alonsok oraindik amesgaiztoak izango ditu alemaniarrak egin zion aurreratzearekin. Buruz burukoetan iaztik zeuden erreferentzia guztiak deuseztatu zituen. Halakoetan istripuak eragiten zituela zioten. Aurrean jarri eta horrela bakarrik irabazten zekiela leporatzen zitzaion. Ahoak isildu ditu. Buruz burukoan guztiak belauniko utzi ditu. Eta aurrean jarri denean... agur!
Iraganetik ikasi, etorkizunera egokitu
Sebastian Vettel bigarrenez jarraian izan da munduko txapeldun, eta urte batetik bestera gidari hobea dela erakutsi du. Iazko hutsik ez du egin, eta inork baino hobeto baliatu ditu arautegiak onarturiko berrikuntzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu