VRAC Quesos Entrepinares. Montorfano, Barnes, Blanco; Molina, Bonan; Newton, Rolls, Abril; Sevillano, Waenga; Fernandez, Gorosito, Gutierrez Muller, Llanos eta N. Gutierrez Muller.
AMPO Ordizia. Abanzabalegi (Crende, 52. min.), Aierbe (Luluaga, 75. min.), Lolotonga; Del Rio, Parker; Lerma (Eulate, 51. min.), Tudela, Toby Freeman (Iruarriz, 10. min.); Suso, Kroll; Puyadena, Goia (Idiakez, 66. min), Corey Simpson, Elortza eta Huxford.
Markagailua. 0-3, 5-3, 12-3 (ats.); 12-10, 17-10, 22-10, 27-10.
Epailea. Steve Lee.
Bestelakoak. Valladolideko Pepe Rojo estadioa bete egin zen. 2.500 zale joan ziren Ordizia aldetik. Sargori handia egin zuen, 35 graduko tenperaturarekin jokatu zuten.
Bidaia guztietan ikasten da zerbait, eta final guztietan ere bai, noski. Ampo Ordiziak atzo baino askoz jakintsuagoa da gaur, eta eskarmentu handiagoz ekingo dio hurrengo denboraldiari. Tamalez, ligako titulurik gabe, Valladoliden jokaturiko finala merezita galdu baitu. Quesos Entrepinares ez zen askoz gehiago izan, bi taldeen arteko aldea bukaerako emaitzak erakusten duen baino txikiagoa izan zelako. Etxekoek, baina, huts gutxiago egin zituzten, eta jokoa defentsako presioan oinarrituz, erabaki hobeak hartu zituzten erasoan.
Ordiziatik joaniko 2.500 zaleak burumakur itzuli dira, baina atsekabeak ezin du asko iraun, taldeak sasoi bikaina egin baitu. Kopako finala irabazita, liga sari potoloa izango zen, baina finalean Quesos Entrepinares gehiago izan da, eta hirugarrenez irabazi du liga. Etxekoek aurkaria ezagutzen zuten, eta defentsan arriskatuz Ordiziaren eskuko jokoa ito zuten. Halere, tartea goierritarren hutsei esker ireki zuten.
Ordizia ondo hasi zen, zigor kolpe batekin aldetxoa irekiz (0-3). VRACen defentsan ez zuen zulorik aurkitu, baina ekinari esker lehen hogei minutuetan baloia ez zen aurkariaren zelaitik irten. Finalak itxura ona zuen, baina berehala okertu zen (21. min). Ordiziako aurrelariek zigor kolpea egin zuten zelai erdian, eta bizkarra eman zioten baloiari. VRACeko uztartze erdilaria azti ibili zen, eta oso bizkor atereaz hiru laurdenei pasa zien. Ordizia lo harrapatu zuen, eta Waenga bakarrik joan zen entsegu marraraino (5-3).
Entsegua kolpe gogorra izan zen, eta handik zortzi minutura bigarrena lortu zuten etxekoek (28. min). Muller atzelariak baloia hartu eta erdi-erditik urratu zuen Ordiziaren defentsa (12-3). Hiru jokalarik kale egin zuten plakatzeko ahaleginean. Lehen zatiko azken minutuan, Puyadena Ordiziaren lehen entsegua egiteko zorian izan zen, baina haren korrikaldi luzeak ez zuen saririk izan.
Aurrelariekin saiatzen
Ordizia gogotsu hasi zen bigarren zatian. Aurrelariekin motzean jokatzea erabaki eta VRACen presio lerroa atzerarazi zuen. Horrek etekina eman zion, eta Huxfordek hagapean entsegua lortu zuen lau faseko eraso batean (12-10, 49. min). Artean itxaropena bazen.
Aurkaria gertu ikusita, VRACek gora egin zuen, eta Waengak bigarren entsegua lortu zuen Ordiziako defentsak ezin oztopatu izan ez zuen hiru laurdenen jokaldi landu batean (55. min). Goierritarrak erasoan itsu hasi ziren, eta VRACek beste bi entsegu lortu zituen kontraerasoan (36. min eta 77. min.). Etxekoek freskoago bukatu zuten partida, eta ondo eutsi zioten emaitzari, maleziaz denbora galduz.
VRAC Q. Entrepinares 27. AMPO Ordizia 10
Irakaspen ona izango da
Ampo Ordiziak garesti ordaindu ditu hutsak, eta VRACek defentsako presioari esker irabazi du ligako finala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu