Dena lotuta zegoela zirudien arren, Irango Futbol Federazioak orain esan du ez duela lortu Javier Clementerekin (Barakaldo, Bizkaia) akordiorik eta hautatzaile bila dabilela. Izan ere, Iranen arabera, Clementek Iranetik kanpo izango zituen oporretako egunei buruz ezarri zizkioten baldintzei ezetz esan die.
"Haren erantzunaren zain egon ginen astelehenera arte baina, bere kontratuari klausula bat gehitzeari ezetz esan zionez, beste aukera batzuk bilatzen hasiko gara", adierazi du gaur Ali Kafashian Federazioko presidenteak.
Hasi dira dagoeneko hautatzaile bila, baina ez diote aterik itxi Clementeri. "Iritzia aldatuko balu, hautatzailea izateko aukerak izango lituzke, baina ez gara bere erantzunaren zain egongo", azaldu du Kafashianek.
Irango Futbol Federazioak esana zuen ez zuela "urrutiko kontroleko" entrenatzailerik nahi. Atzo, baina, Clementek zioen ez zuela arazorik izango Iranen bizi eta, taldeak behar ez zuenean, etxera itzultzeko.
Futbola
Iranek orain dio ez duela akordiorik lortu Clementerekin
Hautatzaile bila hasi da hango federazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu