Iraunkortasunak emandako saria

Luis Leon Sanchezek irabazi du Paris-Nizako seigarren etapa, eguneko ihesaldian parte hartu eta gero

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Iraunkortasunak eman zion sariaatzo Luis Leon Sanchezi (Rabobank), Paris-Nizako seigarren etapan. Suze la Rousse eta Sisteron artean jokatu zen etapa, etahelmugarako hamar kilometro falta zirenean, Jens Voigtekin (Radioshack) batera, eguneko ihesaldia hautsi, eta esprintean iritsi ziren biak. Espainiarra azkarragoa izan zen azken metroetan, eta denboraldiko lehen garaipena lortu zuen. Sailkapen nagusian ez zen aldaketarik izan.

Ibilbide gorabeheratsua zuen etapak, engainagarri horietakoa. Bost mendate etzan zituen tartean. Helmugarako 118 kilometro falta zirenean osatu zen eguneko ihesaldia. Sanchezekin eta Voigtekin batera, Mickael Cherel (AG2R), Anthony Geslin (Francaise), Frederik Veuchelen (Vacansoleil), Dani Navarro (Saxo Bank) eta Simon Geschke (Project 1t4i) sartu ziren taldean. Cote de Marquises hirugarren mailako mendatetxoan Sanchezek eta Voigtek aurrera egin zuten. Espainiarrak azken pedalkadarekin batera jaso zituen bi besoak. Hamalau segundo geroago helmugaratu zen tropela.

Sailkapen nagusiko lehen postuetan ez zen aldaketarik izan. Bradley Wigginsek (Sky) sei segundoren aldea kentzen dio oraindik Lieuwe Westrari (Vacansoleil), bigarrenari. Hirugarren Levi Leipheimer dago (Omega), hamar segundora. Gorka Izagirre (Euskaltel-Euskadi) izan zen lehen euskal txirrindularia helmugan. Biharko kronoigoera erabakigarriaren aurretik, gaur zazpigarren etapa jokatuko da, Sisteron eta Niza artean (220 km).

Tirrenon, Boasson Hagen

Edvald Boasson Hagenek (Sky) irabazi zuen atzo Tirreno-Adriatikoko etapa, hirugarrena, Ternin (Italia). Herenegungoaren antzera, esprintean amaitu zen, eta, bezperan bezala, Sky taldeko txirrindulari bat izan zen helmugako marra zeharkatzen lehena. Andre Greipel (Lotto) izan zen bigarren, eta Peter Sagan (Liquigas) hirugarren.

Sailkapen nagusian Matthew Gossek (Greenedge) jarraitzen du lider. Bigarren Stuart O'Grady dago (Greenedge), hiru segundora, eta hirugarren Cameron Meyer (Greenedge), hiru segundora hori ere.

Amelia eta Chieti artean jokatuko da laugarren etapa, gaur (252 km). Etapa gogorra da, bi itsasoen arteko itzuliko luzeena, eta sailkapenean aldaketak eragin ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.