Kostata, baina iritsi da Natxo Monrealen ordezkoa. Monreal ekainaren 11n fitxatu zuen Malagak, eta ordutik Osasuna ezker hegalekorik gabe egon da. Gaurtik aurrera, ordea, ez. Jukka Raitala finlandiarra izan da hautatua. Osasunan ariko da hastear den denboraldian, Hoffenheim Alemaniako taldeak utzita. Denboraldiaren ostean, Osasunak erosteko aukera izango du, 1.250.000 euro ordainduta.
Atzo goizean pasa zituen mediku azterketak, kontratu berria sinatu aurretik. Italiako egonaldira joango da berehala; Affin elkartzekoa da taldekide berriekin. Lehen eta bigarren partidak galduko dituen arren, azken bi partidetan Jose Luis Mendilibarren esanetara egongo da. Italiatik itzultzean izango da finlandiarraren aurkezpen ofiziala.
Jokalari ezaguna ez izan arren, talde gorritxoak ia bi urte zeramatzan finlandiarraren atzetik, 2009tik alegia. Garai hartan, Angel Martin kirol zuzendariak 21 urtez azpiko selekzioarekin jokatzen ikusi zuen Espainiaren aurka. Orduan jokalari gaztea izan arren, begi onez ikusi zuen Martinek. Osasunan pozik daude fitxaketarekin. «Datu oso onak ditugu, etorkizun handiko jokalaria da, eta kalitate onekoa. Jokalariari jokatzea komeni zaio, eta guk bere aldeko apustua egingo dugu».
Raitalaren fitxaketarekin, ezker hegaleko erdilari bat falta zaio Mendilibarri taldea osatzeko. Javier Camuñas ordezkatuko duen erdilaria behar du entrenatzaileak. Orduan, 27 jokalari izango ditu bere aginduetara, beraz, denboraldia hasi aurretik norbaitek taldea utzi beharko luke.
Bestalde, Robersio joan den astean ezkondu zen, Portugalen. Horrela, brasildarrak ez du atzerritar tokia beteko, eta taldean jarraituko du. Oraindik atzerritarra da dokumentazioa iritsi artean, eta Osasunak espero du paperak liga hasi baino lehenago iristea, atzerritar tokiak beteak baitaude Osasunan; Dejan Lekicek, Masud Shojaeidek eta Javad Nekunamek betetzen dituzte hiru postu horiek.
Kostatako garaipena (0-1)
Osasunak atzo jokatu zuen Italiako egonaldiko lehen lagunarteko partida. Egonaldiak arerio gogorragoen aurka aritzeko aukera emango dio talde gorritxoari. Orain arteko partidetan, Logroñes, Eibar, Real Union eta Betis izan dituzte arerio. Italian, berriz, Lazio, Chievo Verona, Varese eta Novara izango dira aurkariak.
Lehen zatia hutsean amaitu zen, baina italiarrak izan ziren nagusi. Aukera dezente izan zituzten markagailuan aurre hartzeko, baina Asier Riesgoren hesia ezin izan zuten gainditu. Zarate eta Floccari izan ziren arrisku gehien sortu zuten jokalariak. Bigarren zatia berdin hasi zuen Mendilibarrek, aldaketarik gabe. Orduan ere sufritzea tokatu zitzaion talde gorritxoari. Hala ere, Nekunamek sartu zuen partidako gol bakarra, 73. minutuan, area kanpotik eginiko jaurtiketa batekin. Hamarrekin amaitu zuen partida, Sergio kaleratua izan baitzen azken minutuetan.
Orain, egonaldia Fiuggitik Veronara doa, eta han jokatuko du bihar Chievo Veronaren aurka (17:30).
Iritsi da ezker hegalekoa
Jukka Raitala Hoffenheimek utzita ariko da urtebetez Osasunan, eta denboraldia amaitutakoan fitxatzeko aukera izango duDenboraldi-aurreko bosgarren partidan Lazio mendean hartu du Osasunak (0-1)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu