Athleticek eta Osasunak jokatuko dute 2013-2014ko sasoiko lehen euskal derbia, 22:00etan. Ez batak ez besteak ez du etxean jokatuko: ez baitituzte oraindik San Mames Barriko obrak amaitu.
Bilboko Aste Nagusia eta ordua direla medio, ohi baino zale gutxiago joango dira partida ikustera; halere, Athleticeko 20.000 zale eta Osasunaren 300-500 jarraitzaile espero dira. Zuri-gorri gehienak Athleticek bazkideei jarri dizkien 283 autobusetan iritsiko dira Donostiara. Lehenengo autobusak 14:00ak pasatxo iritsi dira Gipuzkoako hiriburura, baina marea zuri-gorria 17:00ak aldera helduko dela iragarri dute.
Ordubetetik gorako bidaiak ez du zaleen animoa zapuztu. Anoeta inguruetan bildu dira gehienak, eta zuri-gorriz jantzi dituzte inguruak. Gorria ere nabarmentzen hasi da, eta gutxiago diren arren "gogor borrokatuko" dutela diote Osasunaren zaleek. Bai talde batekoak eta bai bestekoak, giroa pizten hasi dira, eta are gehiago piztuko dute, arratsalde luzea baitaukate oraindik aurretik.