Oraindik oroitzen naiz Portlandek Asobal Liga irabazi zuen egunaz. Denboraldi ia osoa min hartuta eman nuen, eta Iruñean geratu behar izan nuen nire taldekideek Ciudad Realen partida erabakigarria jokatzen zuten egunean. Ez nuen partida bakarrik ikusi nahi izan, eta Yamagutxi parkeko lagunekin bildu eta taberna batera joan ginen. Han elkartu ginen denak. Urduri ginen, baina ni sinetsita nengoen txapelak ez zuela ihes egingo. Zergatik? Ia ezinezkoa delako Portlandi irabaztea bere eskuetan zerbait handia lortzeko aukera duenean. Asmatu nuen. Ciudad Realen irabazi genuen eta txapela eskuratu.
Hiru urte joan dira, eta orduko egoera berean dago orain Portland. Bere eskuetan du Liga irabaztea, garaipenak eta berdinketak balio baitio. Eta orain hiru urte bezala, sinetsita nago txapelak ez diola ihes egingo. Hain prest, hain gogotsu, hain sasoiko ikusten dut Portland, aurrean duen aurkaria aurrean duela, irabaziko duela uste dudala. Bartzelonari bere pistan irabazita lehen urrats handia egin zuen, guk egin genuen bezala. Orain lana amaitzea falta zaio.Portlandek merezi du Liga irabaztea. Denboraldi bikaina egin du, eta txapelketako talderik erregularrena izan da. Izan ditu une txarrak, Vladimirren bat-bateko heriotza eta lesio-pilaketak esaterako, baina ez da inoiz behera etorri, eta guztiei egin die aurre. Galdu dutenean, gainera, gutxigatik izan da: Bartzelonaren aurkako Txapeldunen Ligako kanporaketa eta Ciudad Realen aurkako Asobal Kopako finala, besteak beste. Europako txapelketetatik kanpo geratu izanak ere mesede egin dio, Ligan izan baitu burua. Ez dut zalantzarik: Portlandek gaur irabaziko du Liga, ziur. Eta hori ez dut bihotzarekin esaten, buruarekin baizik, zentzuz. Aukera politena da, gainera, gaurkoa: etxean, etxekoen aurrean, aurkari handi baten aurka... Horrela lortuta, meritua handiagoa da.
Ez dut uste Ciudad Realek Txapeldunen Ligako kolpe latza sumatuko duenik. Aitzitik, duen guztia emango du Liga irabazteko eta denboraldi duina egiteko. Ciudad Realek, gainera, soberan du kalitatea oztopo guztiei aurre egiteko. Intentsitate handiko partida izango da. Detaile txikiek erabakiko dute. Buruko indarra erabakigarria izango da, indar fisikoaren gainetik. Atezainen lana ere funtsezkoa izango da, eta hor Portlandek abantaila du, Sterbik lesionatu ondoren, Ciudad Realek baino hobeto zainduta baitu atea. Partida ikusgarria izango da, ziur. Ea amaiera polita duen eta Portlandek txapela lortzen duen.
IRITZIA. Portlandek gaur irabaziko du Liga, ziur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu