Irratien arratsaldea

Santanderren jokatuko du gaur Osasunak Ligako azken partida, baina beste zelaietara begira egongo da

2008ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Akabo, iritsi da eguna. Osasunak gaur jakingo du datorren denboraldian Lehen Mailan jarraituko duen ala Bigarren Mailan jokatuko duen. Iragan asteburuan Murtziari irabazita jaitsiera postuetatik irtetea lortu zuten nafarrek, eta gaur Zaragozak galtzen badu, Osasunak Lehen Mailan jarraituko du Santanderren galdu arren. Halere, hori pentsatuta zelairatzea arriskutsuegia izan daiteke, eta Osasunako jokalariek gauza bakarra izan behar dute argi: irabaziz gero, mailari eutsiko diote. Galduz gero edo berdinduz gero ere salba daitezke, baina hobe dute, badaezpada, irabaztea.

Urduritasunen arratsaldea izango da gaurkoa. Goizetik nabarituko zuten sabelean korapiloa Osasunako jokalariek zein zaleek. Azken horientzat urduritasunen arratsaldea ez ezik, irratien arratsaldea ere izango da, El Sardineroko berdegunean gertatzen denari bezainbeste erreparatuko baitiete zaleek Ono Estadi eta Colombinoko norgehiagokei. Lau hautagai daude jaitsierako azken posturako, eta inork ez du etsi nahi. Denek ezin dute jardunaldia irribarre batekin amaitu, dena dela.

Hori bai, bai Valladolidek, bai Recreativok, bai Osasunak eta baita Zaragozak ere euren esku dute helburua. Recreativok eta Valladolidek elkarren aurka jokatuko dutenez, lau taldeetatik hiruk irabaz dezakete gehienez, eta irabazten duenak salbazioa ziurtatuta izango du. Jardunaldia hasi aurretik porrotak seguru Bigarren Mailara bidaliko duen talde bakarra Zaragoza da.

Galduz gero

Gorritxoek Racingen aurka galtzen badute, Mallorcara begira jarri beharko dute. Recreativo eta Valladolid arriskutik kanpo izango dira. Santanderren galduz gero, Zaragozak Mallorcan kale egitea da salbaziorako bide bakarra. Osasunak mailari eutsiko lioke Zaragozak ere galduko balu. Eta Zaragozaren berdinketa batekin bi aukera daude. Zaragoza eta Osasunaren arteko partidetan oreka dago: 2-1 irabazi zuen Zaragozak La Romaredan, eta 1-0 Osasunak Nafarroako Erresuman. Gol aldea hartuko litzateke kontuan bi taldeek berdinduta amaituz gero. Une honetan Zaragozak 48 gol ditu alde, eta 58 kontra (-10). Osasunak, aldiz, 37 gol sartu ditu eta 43 jaso (-6). Azken jardunaldian Racingek Osasunari lau gol baino gutxiago sartzen badizkio, nahiz eta galdu, gorritxoek Lehen Mailan jarraituko dute, Zaragozarekin 43 punturekin berdinduta amaituz gero. Aldiz, Zaragozak berdindu, eta, Osasunak galtzeaz gain, Recreativok ere galduko balu, hiru talde izango lirateke amaieran 43 punturekin, eta kasu horretan Osasunak galduko luke maila, Huelvakoen kontrako bi partidak galdu baitituzte sasoi honetan (1-0 Huelvan, eta 0-1 Iruñean). Osasunak Santanderren galduz gero, eta Zaragozak berdinketa lortzen badu, Racingek jipoi handiegia ez ematea eta Recreativok punturen bat batzea derrigorrezkoak dira, beraz, salbatzeko.

Berdinduz gero

Zaragozak Mallorcan irabazten badu, berriz, Osasuna, gutxienez, puntu bat lortzera behartuta dago salbatzeko. Irratiak Huelvara begira jarriko dira. Zaragozak 45 puntu izango ditu irabaziz gero, eta Osasunak berdinketa batekin Recreativori edo Valladolidi sailkapenean aurre hartzeko aukera izango luke, betiere bi talde horien arteko norgehiagoka berdinketarekin amaituko ez balitz. Osasunak 44 puntu izango lituzke berdinketa batekin, eta Recreativo-Valladolid partidako galtzaileak ez luke Osasuna gaindituko. Recreativo 43 punturekin geratuko da galduz gero. Jose Luis Mendilibarren taldea, berriz, 44 punturekin. Bi kasuetan berdinketa ona izango litzateke Osasunarentzat, Valladolidekin alderatuta askoz gol alde hobea baitu. Bi taldeon arteko lehiak orekatuta amaitu ziren: 2-2 Iruñean, eta 0-0 Valladoliden. Halere, 41 gol sartu eta 56 jaso ditu Valladolidek (-15), eta Osasunak egindakoak baino sei gol gehiago jasota jarraituko luke berdinduz gero. Kasu horretan Valladolid jaitsiko litzateke.

Dena dela, Recreativok eta Valladolidek berdinketa nahikoa izango lukete Osasunarekin edukiko luketen oreka apurtzeko. Osasunak bezala, Recreativok eta Valladolidek ere berdinduz gero, sailkapenak orain bezala jarraituko luke.

Irabaziz gero

Irratiak saihesteko zer egin behar den argi dago, dena dela. Racingi irabaztea da bide bakarra. Irabaziz gero, 46 punturekin, Osasunak Lehen Mailan jarraituko du. Zaragozak ezingo dio aurre hartu sailkapenean Mallorcan irabazi arren, eta, gutxienez, Recreativo-Valladolid partidako talde bat ere aurreratuko luke sailkapenean Zigandaren taldeak (berdinketarekin amaituz gero, berriz, biei hartuko lieke aurre sailkapenean).

Jose Angel Zigandak argi utzi zuen atzo partidaren garrantzia: «Ni Osasunako entrenatzaile naizenetik jokatu beharko dugun partidarik garrantzitsuena da biharkoa [gaurkoa]». Iragan sasoian Sevillaren aurka jokatutako UEFA Kopako finalerdiak ere ez zuen hainbesteko garrantzirik, UEFA Kopako finala jokatzea baino garrantzitsuagoa baita Lehen Mailan jarraitzea, zalantzarik gabe. Eta Larraintzarkoaren esanetan «irabazteko asmoz» zelairatu behar dute. «Arriskutsuegia da denbora pasa zelairatzea». Hori bai, beste zelaietara ez begiratzea «ezinezkoa» izango dela ere onartu du. Ordezkoen aulkian ere ez da irratirik faltako.

Atzoko entrenamenduaren amaieran Ricardo atezainak eskuin eskuko behatz bat bihurritu zuen, eta azken unera arte zalantzan izango da jokatuko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.