«Irudimena, zuhurtzia eta ardura» agindu ditu Miguel Artxankok

Abokatuak erraz irabazi zion Javier Zabaletari Osasunako lehendakaritzarako hauteskundeetan

Erredakzioa
Iruñea
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Miguel Artxankok etzi hartuko du Osasunako presidente kargua. Abokatu iruindarrak joan zen larunbatean irabazi zituen Iruñeko klubeko presidenteratzarako hauteskundeak. Nagusitasunez gainditu zuen Javier Zabaleta beste hautagaia: Artxankok 3.020 boto jaso zituen (botoen %74,44), eta Zabaletak, 1.002 (botoen %24,7). Beraz, hark ordezkatuko du Patxi Izko, eta hark zuzenduko du Osasuna hurrengo lau urteetan.

Artxankok aurreratu du «gerrako ekonomia» egin beharko dutela klubak duen 27 milioi euroko zorra kitatuz joateko. Hori lortzeko, «irudimenaz, zuhurtziaz eta arduraz» jokatuko duela azpimarratu zuen Osasunako presidenteberriak. Lehen helburua ere argi du: «taldeak mailari eustea».

Armenterosen zain

Jokalariei dagokienez, Osasunak aurki jakinaraziko du Emiliano Armenteros erdilari argentinarra fitxatuko duela. Armenterosek 26 urte ditu, eta bost urte daramatza Espainiako Ligan jokatzen: aurreneko biak Sevilla B-n eta Sevillan, hirugarrena Xerezen, laugarrena Rayo Vallecanon, eta azkena berriro Sevillan eta Rayon. Armenterosek hiru denboraldirako kontratua sinatuko du, eta Osasunak ez dio ezer ordainduko Sevillari, sasoiaren amaieran bukatzenbaitzitzaion kontratua jokalariari. Gorritxoen laugarren jokalaria litzateke. Nano, Sisi eta Arribas dira beste hiruak. Osasuna hilaren 10ean hasiko da entrenatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.