Irujo gaixo dago, eta Gonzalez ariko da gaur haren ordez

Iberokoa hazizurriak jota dago, eta ezingo du jokatu Xala eta Laskurainen aurkako txapelketako partida

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Juan Martinez de Irujok gaur ezingo du jokatu Labriten, Iruñean (17:15, Nitro). Iberoko aurrelaria hazizurriak jota dago, eta Sebastian Gonzalezek ordezkatuko du eta Abel Barriolarekin Xala eta Aritz Laskurainen aurka jokatuko du. Gaurko binakako txapelketako lehen ligaxkako bederatzigarren jardunaldiko partida da, eta baliteke ez izatea Irujok galtzen duen bakarra. Gaitza are larriagoa da helduetan, eta ez litzateke harritzeko ez osatzea hurrengo asteburuko partidaren aurretik.

Irujoren hutsuneak partida are gehiago berdinduko du. Iberokoa eta Barriola ez dira une onean: faborito bezala ekin zioten txapelketari eta azken hiru partidetatik bi galdu dituzte. Halere, egoera onean daude, bost garaipenekin eta sailkatze multzoko bigarren postuan, eta ez dirudi finalerdietatik kanpo geldituko direnik. Xala eta Laskurainek, berriz, gora egin dute azken asteetan. Txapelketa hasi berritan faboritoei lanak emateko hautagai bezala agertzen ziren, baina lehen hiru partidak galdu ondoren zalantzak azaleratu zien. Azken bostetan, baina, bidea zuzendu dute, lau irabazita.

Sebastian Gonzalez izango da partidako interesgune nagusia. Azkaindarra txapelketatik kanpo utzi izanak hauts asko harrotu zuen, eta berak publikoki kritikatu zituen enpresako buruak. Azken asteetan jaialdietako lehen partidak jokatu ditu, eta apurka erritmoa hartu. Azkena izan zen onena, eta sasoi puntua hartu duela dirudi. Barriolarekin, gainera, oso ondo konpontzen da. 2008ko binakakoan elkarrekin jokaturiko 11 partidetatik hamar irabazi zituzten. 2009an ere elkarrekin aritu ziren, baina ez ziren finalerdietarako sailkatu.

Pala finala Mungian

Munduko Pilota Batzarrak antolaturiko Binakako Munduko Txapelketako finala jokatuko da gaur, Mungiako pilotalekuan (18:15). Esteban Gaubekak eta Mikel Aierbek, Aritz Altadill eta Vladimir Lujanekin neurtuko dituzte indarrak. Ligaxkako partidan Altadillek eta Lujanek 3-1 irabazi zuten, baina Gaubekak izterrean jasotako pilotakadak lehia baldintzatu zuen. Gaubekaaurretik txapeldun izandakoa da, Lujan eta Aierbe, berriz, txapeldunorde. Altadillentzat lehen finala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.