Irujo: «Jendeak uste baino askoz gehiago jokatzen du Idoatek»

Aspeko bi pilotariek ez diete aitzakiarik jarri hautatutako pilotei; Irujo faborito izan arren, ez da batere fio aurkariarekinIdoateren arabera, oso zaila du finalera pasatzea, baina ezer ez da ezinezkoa

Juan Martinez de Irujo eta Mikel Idoate, nor bere pilotak probatzen, Juan Mari Juaristi hautatzailea begira dutela, atzo, Astelenan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Eibar
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Pilotaren kadetralak aspaldi izan duen itxurarik politena hartu zuen atzo. Kanpoan eguraldi bikaina, eta barruan pilota munduak hain gustuko duen giroa: kantxan, Juan Martinez de Irujo eta Mikel Idoate materiala hautatzen, eta begira, hainbat kazetari eta pilotazale. Zalantzarik gabe, antzeman zen buruz buruko txapelketa txanpa erabakigarrian sarturik dela. Izan ere, bi nafarrek etzi jokatuko duten finalerdirako pilotak aukeratu zituzten. Irujok, bizixeagoak eta frontisetik irteera dezentea dutenak, eta Idoatek, motelagoak. «Pilota ezberdinak dira, baina guztiak iruditu zaizkit egokiak», azaldu zuen Idoatek. Ohi bezala, Iberokoak ez zuen iritzirik eman, baina aurpegian igarri zitzaion konforme geratu zela. Beraz, ez dago inolako aitzakiarik.

Materiala aproposa, Astelena frontoia bera ere egokia, eta bi pilotarien egoera fisikoa aparta: «Orain hiru aste jokatu nuen azken aldiz buruz buru galtza zuriak jantzita, eta entrenamenduetan ongi sentitu arren, etzikoa da benetako unea. Ez da erraza hainbeste gorabeherarekin beti forma onean egotea, baina uste dut ongi nagoela. Eskuak bikain ari zaizkit erantzuten», zioen Irujok.

Xalaren kontrako partida bertan behera gelditu zen, eta uste baino lehen sailkatu da Iberokoa finalerdietara. Finalerako, baina, koska gogorra igaro beharko duela uste du: «Jendeak pentsatzen duen baino gehiago jokatzen du Idoatek. Ez dauka nik adinako kolperik, baina beti ongi gozatzen du pilota, eta urrun jartzen du. Defentsan, gainera, ezin hobea da. Hark ez du neurketa galduko; nik irabazi beharko dut». Defentsan bolea da oinarrizko baldintza, eta gaztearen boleak nahikoa polemika sortu du azken asteetan, atxiki egiten duela eta ez duela. Irujok garbi dauka: «Gai garrantzitsuagoak badaude argitzeko, eta inor ez da ausartzen hitz egitera. Idoatek ez du atxikirik egiten, eta bakean utzi behar zaio. Gazteari beti esaten zaizkio errazago gauzak». Kanpotik erraz esaten da, bere aurka hala egingo balu izango lirateke komeriak.

Nahi baino denbora gehiago txapelik jantzi gabe egon arren, faborito garbia da Irujo. Binakako partidetan erakutsi du oso fresko dagoela, eta ilusioz gainezka. Dena den, ez da batere fio aurkariarekin: «Iaz txapelketa aparta egin zuen, baina aurten gehiago jokatzen du. Esperientzia gehiago dauka, eta urtebetean asko ikasten da». Iberokoa ez da hori uste duen bakarra. Idoatek berak ere halaxe aitortu zuen: «Ez da erraza iazko maila ematea, baina ongi nago. Urduritasunari eusten ikasi dut azken urtean, eta kantxan egoten ere bai. Hori guztia etzi baliatzea espero dut».

Idoateren arabera, bi baldintza bete behar dira hark Irujori irabazteko: «Nik ametsetan bezala jokatu behar dut, eta Juanek ezin du bere mailarik eman. Gauza horiek betetzen baldin badira, finalera sailka naiteke; gainontzean, oso zaila izango da». Esaerak dio ezer ez dela ezinezkoa.

Buruz buru lau onenen artean egotea ez da egunero jasotzen den oparia, eta behin lortuta, ez du aukera alferrik galdu nahi. Hori bai, halako pilotari baten aurka aritzeak errespetua ematen dio: «Gogoan dut Irujok Aimar Olaizolari 22-1 irabazi zioneko hura, eta espero dut niri halakorik ez egitea. Beldur apur bat badaukat barruan». Saria izugarria da, baina, horretarako, etzi irabazi beharra dago. Eibarko Astelenak dauka azken hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.