Irujo: «Oinatzi irabazi ahal izateko, lehenengoan asmatu beharko dut»

Iazko txapeldunak zalantzekin ekingo dio lau t'erdikoari, ezin izan duelako nahi bezain ongi prestatu

jon eskudero
Donostia
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Final-laurdenetako neurketarik orekatuena jokatuko dute Irujok eta Bengoetxea VI.ak igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan (17:00, ETB1). Ez dago faborito garbirik, apustuetako dirua Iberokoaren alde irtengo bada ere. Iazko txapelduna bera da; finalean 22-17 menderatu zuen Barriola. Baina aurten ez dago nahi bezain sasoi onean: «Nagoen bezala nago. Ez dut denborarik izan ongi prestatzeko, baina tira. Igandean ikusiko dugu benetan nola nagoen».

Saskian edukiko dituzten pilotak atzo bereizi zituzten, eta ez zen inolako arazorik egon bien aldetik. Irujok Bengoetxea VI.aren kontra kaiolan jokatutako partidak ekarri zituen gogora lanak amaituta: «Oinatz aurkari zaila da. Haren kontrako kaiolako partidetan ez dut oroitzapen onik, azkenekoan bereziki. Sanferminetan egurtu egin ninduen». 2010ean, baina, Irujok irabazi zuen Nafarroako finalean. Hiru aldiz aritu dira elkarren kontra distantzia motzean. 2004an izan zen beste partida, eta Irujo nagusitu zen, 22-20.

Profesional mailan errespetu handiena ematen dion aurkaria leitzarra dela aitortu zuen iazko txapeldunak: «Oinatzek izugarri jokatzen du aurreko koadroetan. Olaetxearen aurka ere garbi ikusi zen hori. Irabazi ahal izateko, lehenengoan asmatu beharko dut. Kaiolan asko kostatzen da tantoa egitea». Barriolak eta Retegi Bik ere atzo aukeratu zituzten pilotak, Beasaingo Antzizar pilotalekuan, eta ez zen arazorik egon.

Gaur, bestalde, beste bi kanporaketaren txanda izango da. Iruñean Olaizola II.a eta Gonzalez elkartuko dira pilotak aukeratzeko (11:30). Azkainekoa pilota biziagoak hautatzen ahaleginduko da. Neurketa hori etzi jokatuko da. Logroñoko Adarraga frontoian (16:00), berriz, Titin III.a eta Xala ariko dira iganderako norberaren gustuko pilotak hautatu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.