Juan Martinez de Irujo ostiralean itzuliko da binakako txapelketara. Hazizurriaren ondorioz azken bi asteak jokatu gabe igaro ondoren, aurrelariak pilotalekuan proba egin zuen atzo, eta behar baino nekatuago bukatu zuen arren, bere burua jokatzeko moduan ikusi zuen. Aitor Zubietaren itzulera ere kolokan zegoen, Etxarrikoak, ordea, gaur argituko du jokatuko duen ala ez. Eskuko kailuko arazoekin egon da, eta proba serioa egingo du Labriteko pilota aukeraketan (11:30).
Irujok Mutiloabeitiko pilotalekuan egin zuen proba, Nafarroan, han jokatuko baitu ostiralean. Aspeko medikua ere bertan zen, eta haren oniritziarekin itzuliko da lehiara. Aurrelaria, hala ere, ez da egongo sasoi onenean. «Hazizurriak jota utzi nau, jipoi handia izan da, baina jokatzeko moduan nagoela uste dut. Hori bai, erritmoa falta zait», azaldu zuen. Aurrelariak, halere, hurrengo hiru egunetan hobera egitea espero du. Irujok, Barriolarekin, Arretxe II.a eta Beginoren aurka jokatuko du.
Zubietari dagokienez, litekeena da hura ere asteburu honetan itzultzea txapelketara. Eskuineko eskuak hobera egin dio, baina orain ezkerra da arazoa. Jokaturiko azken partidan pilota bat sartu zitzaion, eta kostata bukatu zuen. Harrezkeroztik, Peñagarikanok bete du haren tokia ondorengo bi partidetan, eta maila txukuna eman du. Zubietak, Lasarekin, larunbatean du ligaxkako hurrengo partida, Bengoetxea VI.a eta Apraizen aurka. Aspeko bikoteak ia ezinezkoa du finalerdietara igarotzea.
Irujok proban hobeto sumatu du bere burua, eta ostiralean jokatu egingo du
Zubietak gaurko aukeraketan ikusiko du nola duen eskua, eta txapelketara itzuli edo ez erabakiko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu