Larunbateko derbiaren inguruko giroak hartu du Iruñea. San Antonio Anaitasunaren aurka ariko da bere pistan. Bi taldeok azken derbia jokatu zutenetik 31 urte pasatu dira, eta, ondorioz, partida historikotzat jo dute datorren asteburukoa zale anitzek. San Antonioko eta Anaitasunako jokalarien artean ere horixe da sentipena. «Zortea dugu guri egokitu zaigulako norgehiagoka hau jokatzea», onartu du Anaitasunako kapitain Miguel Goñik, taldeko hainbat kiderekin egindako agerraldian.
Arratek Asobal Liga utzi eta gero lortu zuen Anaitasunak udan maila nagusira igotzea. Partida bakoitza erronka bat izan da haientzat, maila horri eusteko helburua lortu ahal izateko. Goñik argi eta garbi erran du, hala ere, San Antonioren aurkakoa berezia izanen dela. Eta jokalari guztiak jokatzeko irrikan daudela. «Zaleak ere derbiaren eguna ailegatzeko gogoz daude, eta gogo eta ilusio horrek etxeko jokalariak eta taldera ailegatu berri direnak ere kutsatu ditu», erran du Goñik.
Anaitasunako entrenatzaile Aitor Etxaburuk NUPeko kiroldegian ikusi nahi ditu zale guztiak larunbatean. «Eskubaloiaz eta derbiaz gozatzea da kontua». Jokoan diren bi puntuak hagitz garrantzitsuak direla gaineratu du Etxaburuk, baina onartu du ez dela batere lan erraza izanen San Antonio etxean mendean hartzea. Orain arte, Bartzelonaren aurkako partida baino ez du galdu San Antoniok bere pistan.
«Haiek dira faborito», erran du Anaitasunako entrenatzaileak. Baina horrek ez du erran nahi amore ematen duenik. Egunotako derbiaren inguruko giroak eta azken jardunaldian lortutako garaipenak, gainera, konfiantza eta indarra eman diote taldeari, Etxaburuk azpimarratu duenez, eta indar hori baliatu nahi du San Antonioren aurka, mendean hartu ahal izateko.
Derbira Anaitasuna sasoiko ailegatu dela nabarmendu du Etxaburuk. San Antonioko jokalarien artean, berriz, taldeko bi kide garrantzitsuk dituzte arazo fisikoak: Niko Mindegiak eta David Rasicek. «Haiekin edo gabe, talde handia da San Antonio. Defentsa sendoa du, eta gogor lan egin beharko dugu irabazteko», onartu du Etxaburuk.
Bazkariak
Anaitasunako presidente Javier Labairuk ere larunbateko derbia izan du mintzagai, eta jakinarazi duenez, zaleek bazkaria eginen dute elkartean bertan, partidara abiatu aurretik. 20:15ean hasiko da norgehiagoka. Anaitasunaren jarraitzaileek 19:00etan eginen dute bat Nafarroako Erresuma futbol zelaiaren ondoan, handik, txarangarekin batera, NUPeko pabiloirantz abiatzeko. San Antoniok ere antolatu du bazkaria, bi taldeetako zaleentzat.
Bi taldeek pabiloia betetzea espero dute, eta zaleek eskubaloiaz gozatzeko aukera izatea. Anaitasunak oraintxe amaitu du laguntzaileak lortzeko kanpaina. Ia bi mila ditu gaur egun. «Asobalen ariko ginela jakin genuenean 700 edo 800 lortzea espero genuen. Erantzuna ikaragarria izan da». Denak derbiaren zain dira.
Iruñeko derbiaren zain
San Antoniok eta Anaitasunak duela 31 urte jokatu zuten ligako azken norgehiagoka elkarren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu