Zarata edo isiltasuna, bezperako kontuak. Egun berekoa, isiltasuna bakarrik. Denak mutu. Hitza janda. Tamainako erakustaldi baten aurrean, hitzik ezin atera. Ahoa harridura eta miresmena adierazteko baino ezin zabaldu. Estutasuna lasaitasun. Tarte txikia, sekulako zulo. Zirrara bakarrizketa. Kaikuk galdetu, eta Kaikuk erantzun. Kaikuk sakea atera, eta Kaikuk egin errematea. Kontxako Bandera maisuen lana biribilduz irabazi zuen igandean.
Ez dago hobetzerik. Edo bai, hark akaso, datorren urtean. Onari hobea kateatzeko gaitasuna duelako. Aurtengo bandera preziatua lortzeko lehian, kasurako: lehen igandean, handia egin, eta bigarrenean, handiagoa. Zazpi egun lehenago, zazpi segundoren aldea zena hiru eta pikoan utzi zuen araudiak, gaizki egina izaki. Hiruren bueltan joan zen astea, baina ez ziren hiru, zazpi baizik. Ez dira gauza bera hiru eta zazpi. Hiruari begira zeuden Urdaibaikoak, aldea jango, ez jango. Zazpia zuten begiz jota Kaikukoek, zazpi aldiz hobeak direla erakutsi nahian.
Kaikuren erronka nagusi. Zazpi gehi hamabi, ia hogei. Horixe da bi ontzien artean egon den aldea aurtengo Kontxan. Handia da. Normala ere bai, bien arteko tartea ikusita denboraldi osoan. Ez da ezusterik izan Donostian, eta irabazi behar zuenak irabazi du.
Horiek dira lehiaren hurrengo eguneko kontuak. Baina aurretik, ikusmina zegoen. Lehen igandeko aldea zazpirena izan arren, hirurena zelako araudia tarteko. Traineru bat da hiru segundo. Ezer ez. Edo asko, zeinen begiekin begiratzen den. Baina ezer ez zen ustea zabaldua zegoen. Kale zozketa ere jostari, biak elkarren ondoan jarrita: Kaiku lautik, Urdaibai hirutik. Era guztietako jardunak lehiaren atarian, elkarren alboan zirela eta. Gutxi iraun zuten, ordea, parez pare.
Kaikuk, epaileak bandera jaitsi orduko, danbatekoa jo zuen. Danba eta danba, eman eta eman. Bizi arraunean. Txanpari eutsiz denbora luzez. Ea nork jartzen duen hatza mailu horren azpian. Urdaibaik zeukan jarri beharra. Minak min. Baina nahi eta ezin. Segundo bat aurrena, bi geroxeago, hiru hurrengoan, lau ere bai... «Bueltan emango dio Urdaibaik!», oihua baten batek. Kaikukoek, entzun izan balute bezala, segi danba eta danba. Eman eta eman. Jo eta jo. Arraun kolpeari beste bat handigoa kateatuz. Beroari, beroa. Suari, ikatza. Trenik azkarrena bezain bizi uretan. Ziaboga gertu, eta lehen oihuetan entzundako buelta, gainean. Sei segundo eremuko ziaboga bakarrean. Ez zen kalkulagailu berezirik behar, ezta normalik ere: hiru segundo eta pikori sei gehituz gero, bederatzi ematen dute zenbakiek.
Telebistan ziabogen errepikapena ematen ari ziren bitartean, GPSaren denborak ez ziren mugitzen. Sei segundo eterno. Zuzeneko irudiak itzuli, teknologia martxan jarri eta «bueltan emango dio Urdaibaik!» esan zuena mutu ikustea dena bat izan zen: 11 segundo bat-batean. Hamabi ere bai.
Kaikuk traineru barruan sartua zeraman bandera. Oihal moduan jartzea bakarrik faltako zitzaion, abiadura bizia gehiago bizitzeko. Izan ere, traineru bati ezin zaio bizkortasun handiagorik atera atzo Kaikuk atera ziona baino. Ziztuan. Hegan, uretan. Motorra baleuka bezala. Urari ura kentzen, eta segundoei segundoak. «Marka egin behar ditek!», entzun zen halako batean. Bai, gaindiezina ematen duen 18.59 hura, Castrorena, 2006koa. Ez zuen urruti izan. Hamar segundo izan zituen sobera.
Atzetik, Urdaibai berea eginez. Bigarren berriz ere, hamabi segundora oraingoan. Nahi baino urrunago, baina egindako lana ona izan den uste gozoan. Beste bat hobea bada, zer egin daiteke, bada? Zoriondu, Urdaibaiko arraunlariek Kaikukoak zoriondu zituzten bezala. Atzerago, Tiran eta Hondarribia, estu-estu. Galiziarrak aurretik, eta hirugarren sailkapen osoan.
San Juan eta Donostiarra
Eguneko ikuskizunaren atarian, lehen txanda jokatu zen. San Juanek handia egin zuen. Txanda dotore irabazi, atzetik aurrera eginez. Lehen luzearen zati handi bat ederra izan zen, traineru denak gertu zirelako, fisikoki erdiko lekuetan, eta denboran. Hortik aurrerakoa arrosa izan zen, eta pozik bukatu zuten estropada.
Atzetik, eguneko ezuste handiena gertatzear zegoen. Donostiarra ez zen azkena, Chapela baizik. Hori gutxi ez, eta ia-ia Astillero ere harrapatu zuten etxekoek. Helburua beteta helmugaratu ziren, hogei minutuz azpiko lana eginda. Denboraldi ona ez dute egin, eta igandekoak gozatuko die zerbait. Chapelak egin zuen azkena igandean, eta Astillerok aurrea hartu zien sailkapenean.
Arrauna. Kontxako Bandera
Isilik denak
Kaikuk irabazi zuen Kontxako Bandera igandean, estropada irabazita eta bigarrenari, Urdaibairi, hamabi segundo aterataSeigarren garaipena du Donostian, eta bigarrena azken lau urteetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu