Kito. Amaitu da Alemaniaren madarikazioa. Historia guztian txapelketa ofizialetan kanporaketarik gainditu gabea zen Italiaren aurka. Zortzi aldiz jokatuta, lautan galdu eta beste lautan berdindurik zegoen atzora arte. Baina mamu guztiak uxatu ditu Joaquim Loeweren selekzioak. Ez sufritu gabe, baina Eurokopako finalerdietan izango da. Alemaniak eta Italiak partida lehiatua jokatu zuten atzo, taktikoa erabat, eta azkenean, bederatzigarren penaltian nagusitu ziren alemaniarrak. Bederatzigarrenean, bai. Txapelketa guztian gol bakarra hartu dute, ez dute itxura txarrik eman ere, eta garaikurra altxatzeko faborito nagusiak dira. Momentuz, kanpoan utzi dute talderik indartsuenetako bat: Italia. Atzora arte piztua, baina atzo gauetik aurrera, itzalia.
Hori bai, partidari piztuta eta intentsitate handiz ekin zion Italiak, eta oreka izan zen nagusi lehen zatiaren hasieran. Espainiaren aurka egin bezala, Antonio Contek asmatu zuen joko sistemarekin, eta ezerezean utzi zuen Alemaniaren ahala. Loeweren selekzioak ezin izan zuen baloia nahi bezala mugitu, aurkariaren kokapen onagatik, eta sufritu egin zuen. Gainera, Khedirak min hartu zuen 15. minutuan, eta Schweinsteigerrek ordezkatu behar izan zuen. Horrek baldintzatu zuen Loew.
Halere, burua jaitsi gabe lanean jarraitu zuen Alemaniak, eta pixkanaka nagusituz joan zen. Eurokopa honetan egin ez bezala, atzean autobusa ipini zuen Italiak, halabeharrez, eta erasoan nahi eta ezin aritu zen. Erritmorik gabe. Aparteko gol aukerarik ez zuen sortu Loeweren taldeak, baina ikusten zen gehiago zela. Schweinsteigerrek berak gola egin zuen 26. minutuan, baina epaileak ezerezean utzi zion. Ondo adierazi zuen. Hala, lehen orduerdia beteta, aurrerapausoa eman zuen Italiak, eta arnasa hartzeko moduan izan zen atsedenaldira bitarte. Lehen zatiko gol aukera garbienak azken minutuetan heldu ziren. Lehenbizi, Muellerrek kale egin zuen Buffonen aurrean, eta ondoren erantzuna eman zion Sturarok.
Boatengen hanka sartzea
Bigarren zatiari beste nortasun batekin ekin zion Alemaniak. Luzapen konturik ez zuen jakin nahi, eta itsutu gabe izan arren, golaren bila jo zuen. Muellerrek, berriro ere, gertu izan zuen gola, baina ez zuen asmatu. Marka bada ere, Eurokopa ba†ean inoiz golik sartu gabea da. Bada, Muellerrek ez, baina Oezilek asmatu zuen, 64. minutuan. Ezker hegaletik eginiko jokaldi bati amaiera ederra eman zion. Gol horrekin, bazirudien Alemaniak hanka eta erdi finalerdietan zuela, baina ume batek egingo ez zukeen akatsa egin zuen Boatengek. Inongo beharrik gabe, eskuarekin jo zuen baloia area barruan, eta penaltia sareetara bidali zuen Bonuccik, 77.ean. Azken minutuetan gehiago izan zen Italia.
Luzapenera iritsi zen lehia, eta bi taldeek nahiago izan zuten ez galdu irabazi baino. Hala, penaltietara jo zuten, eta azkenean Alemaniarako bidea har†u zuen lo†e®iak. Bederatzigårren penaltian nagusitu zen, mirariz.