Alemania ez da Europako nagusia... futbolean. Duela lau urte Eurokopako finalera heldu zen, baina Espainiak irabazi egin zion. Orain Italiak hartu du mendean, finalerdian. Duela bi urte Mundialeko finalerdian ere Espainia nagusitu egin zitzaion. Agian, azken urteetako belaunaldirik onena du Alemaniak, baina dena ez da hori; harengan harritzekoa bada ere, ofizioa falta zaio, apika.
Ezinean ibili da Italiaren aurka. Batetik, Italia oso ondo aritu delako, Pirlo agintean zela. Bestetik, Low alemaniar hautatzaileak ez duelako asmatu.
Italia hau ez da talde defentsiboa, hango ligak ospe hori badu ere. Buffon atezaina eta defentsak bikain babesten dute ekipoa, baina zelai erditik aurrera du gauza ona Italiak, Pirlotik hasita. Txapelketako jokalaria izaten ari da Pirlo. Erdi-erdian kokatuta nagusi da zelai erdian, nagusi partidan. Alemaniako erdilari garai eta indartsuek (Schweinsteiger, Khedira eta Krossek), ezin izan dute harekin. Marchisio, Montolivo eta Rossik ondo laguntzen diote Pirlori, eta aurrean Cassano eta Balotellik aldea markatzen dute —Eurokopako aurrelari bikote onena—.
Alemaniak ongi ekin diote lehen zatiari, presio handia eginez, eta ia sartu gol bat, baina Italiak erritmoa hartu duenean —Pirlo hasi denean agintzen, lehen zatian asko-asko nabarmendu ez bada ere—, gaizki pasatu du Alemaniak. Balolellik 20. minutuan sartu du 0-1ekoa, Cassanok ezkerrean jokaldia eta handik erdiraketa bikain bat eginda. 36.ean heldu da 0-2koa: baloi luze bat Balotelliri eta, areako marra paretik zartada handi baten bidez, gola.
Low Alemaniako hautatzaileak, final-laurdenean bezala, aldaketak egin ditu euskarrien aurreko hiruko lerroan. Italiaren aurka Kross jarri du titular, orain arte ez bezala, eta berriz ere Podolskiri aukera eman dio, Eurokopan ezer erakutsi ez duen arren. Dena dela, okerrena izan da Ozil ez duela Gomez aurrelariaren atzetik jarri, hegal batean baizik; galduta ibili da eta, baloiaren gose erdira joateagatik, nekatu egin da. Bigarren zatian, 0-2 zirela, erdirago aritu da Ozil, baina ezin; Italia gehiago zen, ordurako konfiantza handiarekin jokatzen.
Azken hogei minutuetan Marchisio —bi aldiz— eta Di Natale 0-3koa egiteko moduan izan dira. 92.ean sartu du Alemaniak 1-2koa, penaltiz, Ozilek.
0-1: Balotelli (20m). 0-2: Balotelli (36m). 1-2: Ozil, penaltiz (92m).
Finala. Igandean, Kieven (20:45). Espainia-Italia. Lehen fasean multzo berean izan ziren, eta bana egin zuten, lehen jardunaldian —Di Natale eta Cesc golegile—. Espainiak harrezkero ez du golik jaso.