Kirola

Italiako futbol liga bertan behera utzi dute, jarraitzaileekin liskarretan polizia bat hil ostean

Catania eta Palermoren partidan lehertu ziren istiluak atzo iluntzean, eta ehundik gora dira zaurituak. Bederatzi futbolzale atxilotu dituzte liskarretan. Maila guztietako txapelketak utzi dituzte bertan behera, "eperik gabe", Italiako eta Errumaniako selekzioen lagunarteko partida ere.

2007ko otsailaren 3a
14:29
Entzun
FIGC Italiako Futbol Federazioak liga "eperik gabe" bertan behera uztea erabaki du bart goizaldean, maila guztietan. Atzo arratsean Catania-Palermo partidaren harira istilu larriak gertatu ondoren hartu du erabaki hori.

Siziliako bi talde nagusiak dira Catania eta Palermo, eta Catanian jokatu zuten atzoko partida. Estadioan hasi ziren istiluak: Palermoren jarraitzaileek zelaira era guztietako objektuak botatzen zituztela-eta gas negarrarazlea jaurtiz erantzun zuen Poliziak. Ondorioz, 40 minutuz etenda egon zen partida, gas horien ondorioz zelaian eta inguruetan egotea ia ezinezkoa zelako.

Azkenean, ordea, partida amaitzeko modua izan zuten, eta Palermok irabazi zuien 1-2.

Kanpoan, ordea, bi taldeen jarraitzaileen arteko borrokak lehertu ziren, eta, halaber, segurtasun indarrekin hasi ziren liskarretan batzuek zein besteak. Istilu horietan 38 urteko polizia ba hil da, futbolzaleek botatako kohete batek aurpegian jota. Zenbait iturriren arabera, beste polizia bat ere larri legoke.

Guztira, ehun bat lagun zauritu dira borroka horietan, eta Poliziak 9 atxilotu ditu. Horietatik lau adingabekoak dira.

Romano Prodi Italiako lehen ministroak gogor gaitzetsi du Catanian gertatutakoa, eta bat etorri da liga eteteko erabakiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.