Lehiakortasuna dute ikur. Urteak joan, urteak etorri, ezagun egin da Italiako kirolariek garaipenak lortzeko duten abilezia berezia. Onak dira, eta onak direlako dute zakua hain beteta. Saskibaloian gaur egungoak baino garai hobeagoak bizitakoa da Italia, baina itzalean pasatako urte batzuen ostean, Montepaschi Siena ahaltsuak alboan talde on bat izango duela dirudi: Bennett Cantu. Cantu pallacanestro-ko talde mitikoa da (saskibaloia italieraz), eta gezurra badirudi ere, Baskoniak ez dauzkan tituluak ditu bere bulegoetan. Europako bi Kopa, esaterako. Aspaldi lortu zituen bai, baina lortu zituen. Baskoniak, oraingoz, ez.
1980ko hamarkada izan zen distiratsuena. 1982 eta 1983 urteetan Europako txapela lortu zuen. Kemena galtzen hasi zen pixkanaka, baina 1991ean Korac Kopa bat lortzeko astia ere izan zuen. Ondoren bi hamarkadako iluntasunean murgildu zen, eta orain, pixkanaka pixkanaka, elitera bueltatzeko ahaleginean murgilduta daude. Italiako jokalari beteranoen eskutik egin du, iragan loriatsu hartan egin zuen bezala. Carlo Racalcatik eta Pierluigi Marzorati izarrek jarri zuten Cantu arrakastaren olatuan 1970. hamarkadan. Hiru Korac Kopa irabazi zituzten jarraian orduan, eta bikote horren erakustaldiekin hazi zen Antonello Riva handia. Nemboko antxumeak eraman zituen Europako Kopak, baina bere garaia ere pasa egin zen.
Cantuk bere urrezko aroko azken kolpea eman zuen 1991. urtean. Korac Kopa irabazi zuen berriro, taldean Pace Mannion handia zegoela, baina hiru urte geroago maila galdu zuen, eta urte mordoa eman zituen Bigarren Bailan sos faltaren erruz. 2002an berreraikuntzari ekin zioten. Pausoz pauso, burua galdu gabe, baina beti aurrera begira. Onenen ligan egonkortu ziren aurrena, eta ondoren ULEB Kopa zena (2004-2005 sasoia). Hortik Eurocup txapelketara igaro ziren, eta azken koska, Euroliga, pasa den sasoian lortu zuten, Italiako Ligako txapeldunorde izan ondoren.
Cantun ondo egin dituzte gauzak. Lasaitasuna eman diete etorkizun ona zuten jokalari gazteei, eta urte askotako kontratua egin. Urteak daramatzate bizkarrezur berarekin —Mazzarino, Diviach, Bolzonella, Cinciarini—, eta atzerritik ekartzen dituzten jokalariak taldearen hobe beharrean aritzen dira. Vladimir Micov serbiarra da adibide onena. Baskoniako jokalari izan zen Micov, baina izar distiratsua izan gabe, denetarik egiten du, eta ia dena ondo. Pieza ordezkaezina bilakatu da Andrea Trinchieri entrenatzailearentzat.
Micovekin batera, Georgiako bikote batek hartzen du saskiratzeko ardura: Manutxar Markoixvili eta Georgi Shermadini. Markoixvbili hegaleko indartsua da, eta Shermadini 216 zentimetroko pibot garaia, saskipean ondo mugitzen dena. Jokalari garrantzitsuak dira, halaber, Marko Scekic pibot serbiarra, eta Maarten Leunen eta Benjamin Ortner hegalekoak. Estatubatuarra da lehena eta Austriakoa bigarrena.
Guztiak Italiako bi jokalari beteranoren gidaritzapean: Denis Marconato pibot handia eta Gianluca Basile eskolta fina. Ezagunak biak euskal zaleentzat. Marconatok Lagun Aron jokatu zuen Italiara bueltatu aurretik, eta Basilek liga bat lapurtu zion Baskoniari, Bartzelonan jokatzen zuela bederatzi metrotik botatako hirukoa saskiratu zuenean. Pasa den astean sufritu egin zuten Nancy menderatzeko, baina azken laurdenean Euroligako lehen garaipena ospatu ahal izan zuten lasai. Italiarrak direlako, zakur zaharrak.
Saskibaloia. Euroligako Amultzoa: Caja Laboral Baskonia
Italiarrak dira: zakur zaharrak
18 urte luze joan dira Cantuk Euroliga azkenekoz jokatu zuenetik. Europako bi Kopa irabazi zituzten 1980ko hamarkadan, eta, pixkanaka, Italiako jokalari beteranoak lagun, onenen multzora bueltatu nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu