Lau estropada jokatu dituzte San Miguel ligan, eta hirutan garaile bera izan da: Hondarribia. Hirukoa igandean osatu zuen, Zarautzen irabazita. Halako trapu uzta handiak lehen postua eman dio ligan, eta oraingoz, traineru onena da. Herenegungo garaipenarekin iaz lortutako kopurua berdindu dute Mikel Orbañanosek entrenatutakoek.
Berde kolorez jantzi dute itsasoa. Kolore hori eta itsasoa bat eginda daudenean, zakartasuna eta txarra esan nahi du, baina orain, antzinako eta betiko adiera gogor bezain desatsegin horri, gozotasuna eta dotorezia gehitu behar zaizkio. Halaxe egiten baitu arraun ligako liderrak, luze, gozo, dotore, arraun kolpe bakoitzari zuku erabatekoa ateraz. Itsasoan eta ibaian, erlojuaren aurka eta ohiko moduan, Hondarribia nagusi da orain.
Horrelako loreak beste baterako lagatzeko, ordea, gutxi falta izan zen. Tiran gain-gainean izan zuelako, hamasei ehunekora baino ez. Bigarren txandan zapaldu zituzten aurkariak galiziarrek. Gero hobetu zuen denbora bikain hori ontzi garaileak. Hirugarren lekuan, Kaiku geratu zen, azken txandan bigarren egin eta gero. Zazpi segundo sartu zizkion Hondarribiak, eta zer pentsa izango dute egungo txapeldunek; nagusitzat jotzen zituzten, baina aurkari ustez baino sendoagoa eta gogorragoa ez ote zaien atera...
Eguneko beste albiste potoloa Portugaletek eman zuen. Hegan eginez, lehen txandako aurkariak hankapean erabili zituen, denak harri eta zur utziz. Berez, hirugarren denbora onena egin zuen, baina hiru segundoko zigorra tarteko, laugarren bukatu zuen, Kaikuren atzetik. Beltzetik zurira igaro da astebeteko tartean. Halako jauzia eman eta gero, joan egin da azken-aurreko postutik, eta leku bat gorago dago orain. Zumaia sartu da azken bigarrengo tokian, asteburu beltza izan eta gero. Zumaia bera, Portugalete, Castro eta Pedreña hiru puntuan daude sailkapenean. Estu. Zierbena geratu da zuloan, zumaiarrengandik hamar puntura.
Euskotren ligan, ezusterik ez
Zarautzen bertan, San Miguel ligako estropadaren aurretik, Euskotren ligara sailkatzeko bigarren jardunaldia jokatu zuten, bezperakoa osatuz. Galiziak egin zuen denbora onena erlojuaren aurka, Getaria-Tolosa, Zumaia eta San Juan atzetik zituela. Lau horiek jokatuko dute liga hemendik aurrera. Estu joan zen gauza, lau ontzi horiek hiru segundoren barruan sartu zirelako. Bikaina izan zen estropada, eta bide beretik segitzen badute, zirrara handikoa izango da aurtengo liga.
Larunbatekoa eta igandekoa puntuagarriak ere baziren ligarako, eta Zumaia da buruan, Getaria-Tolosarekin berdinduta. Galizia puntu batera dago, eta San Juan bira. Hurrengo estropada hilaren 21ean izango dute, Pedreñan (Espainia).
Beste bi lehia ere izan zituen arraun munduak igandean. KAE ligako bi mailetan, estropada izan zuten. Lehen mailakoan, Orio nagusitu zen Santurtzin, eta buruan sendotu da. Bigarren mailakoak Pasaian aritu ziren, eta han ere Orio nagusitu zen, bigarren trainerua, hori bai. Lider da hori ere.
Itsaso berdearen adiera berria
Hondarribiak berretsi egin zuen igandean, Zarautzen, San Miguel ligako traineru onena dela gaur-gaurkoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu