XV. MEDITERRANEOKO JOKOAK ALMERIAN

Itsasoa bilgune

Hogeita bat herrialde ariko dira bihartik uztailaren 3ra Almerian (Espainia), Mediterraneoko Jokoetan

Julen Etxeberria.
2005eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Mediterraneoko XV. Jokoak hartuko ditu Almeriak (Espainia), bihartik uztailaren 3ra bitartean. Europako, Afrikako eta Asiako 21 herrialde lehiatuko dira 28 kiroletan hurrengo egunetan. Ezberdintasunak ezberdintasun, parte- hartzaile guztiek gauza bera dute elkarrekin: Mediterraneo Itsasoak bustitzen ditu. Almerian, berriz, urak eta kirolak bilduko ditu.

Mediterraneoko Jokoek 1948. urtean dute abiapuntua. Mohamed Taher Pacha egiptoarrak izan zuen ideia, orduko Nazioarteko Olinpiar Batzordeko (NOB) lehendakariorde eta Egiptoko Olinpiar Batzordeko lehendakariak. Mediterraneo aldeko herrialdeen arteko tentsioak handiak ziren urte haietan, eta horiek lasaitzeko asmoz, kirol lehiaketa bat antolatzea proposatu zuen Taher Pachak. Helburua argia zen: kirolaren bitartez bakearen mezua zabaltzea.1951. urtean jokatu ziren lehen Mediterraneoko Jokoak, Alejandrian (Egipto). Hamar herrialdek parte hartu zuten, 734 kirolari guztira. Ordutik, beste hamahiru ekitaldi jokatu dira: zazpi aldiz Europan, lau aldiz Afrikan eta hiru aldiz Asian. Ekitaldiz-ekitaldi gero eta oihartzun handiagoa lortu dute. Almerian, esaterako, 21 herrialde ariko dira lehian, 4.000 kirolari inguru.Mediterraneoko Jokoen garaipen zerrendari begiratuta, argi geratzen da zeintzuk diren domina gehien biltzen dituzten herrialdeak. Italia zortzi aldiz izan da lehena domina taulan, eta Frantzia bost aldiz. Antzinako Jugoslavia izan da bi horien nagusitasuna apurtu duen bakarra. Spliten izan zen, 1979. urtean.Almeriako hitzordua, halaber, geltoki izango da 2012. urteko Olinpiar Jokoak antolatzeko bidean. NOBeko ordezkariak izango dira Almerian, eta Espainiako ordezkariek ez dute aukera galduko Madrilen alde kanpaina egiteko. Beharko dute, NOBek uztailaren 6an iragarriko baitu azken erabakia , eta une hauetan Paris eta Londres Madrilen aurretik baitaude.

25 euskal kirolari ariko dira

25 euskal kirolari ariko dira Almerian. Atletismoa izango da euskal ordezkari gehien ariko diren kirola. Bost atletak parte hartuko dute: Iban Maiza, Kamel Ziani, Oscar Albalat, Marta Mendia eta Rita Lora. Futbolean ere euskal ordezkaritza zabala izango da: Francisco Javier Tarantino, Gorka Larrea, eta Javier eta Miguel Flaño. Eskubaloian hiru ariko dira (Aitziber Elejaga, Dolores Martin eta Jon Belaustegi), baita igeriketan ere (Arantxa Ramos, Iban Agirre eta Ilune Gorbea). Almerian izango diren beste euskal kirolariak honakoak dira: txirrindularitzan, Francisco Gutierrez eta Unai Elorriaga; gimnastikan, Almudena Cid; golfean, Maria Hernandez; judoan, Kiyoshi Uematsu eta Maria Angeles Diaz; karatean, PatxiMartinez; arraunean, Imanol Calvo eta Mario Arranz; tiroan, Juan Jose Aranburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.