Itxako sasoiko lehen txapela irabazten saiatuko da gaur Eldaren aurka

Espainiako Superkopa jokatuko dute gaur Ambros Martinen jokalariek, Eldan, 12:30etik aurrera

edurne elizondo
Iruñea
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Superkopa jokatuko du Itxakok gaur, Eldaren aurka. Sasoiko lehenengo txapela lortzeko aukera eskura dute nafarrek, datorren astean ABF Ligari ekin baino lehen. Eldan (Alakant, Herrialde Katalanak) izanen da partida, 12:30etik aurrera. Aurreko denboraldiko Ligako eta Espainiako Kopako irabazleek jokatzen ohi dute Superkopa. Pasa den sasoian Itxakok irabazi zituen bi lehiaketa horiek, eta, ondorioz, Elda izanen dute aurkari Ambros Martinen jokalariek, txapelketa horietan bigarren sailkatu zen taldea. Itxakoko entrenatzaileak ez du zalantzarik: «Aurreko sasoiko talderik onenak izanen dira lehian».

Beste denboraldi bati emanen dio hasiera gaurko Superkopak, hala ere. Eta Martinek badaki gauzak aldatu egin direla. Aurkariari buruz, jokalari garrantzitsuak galdu dituela erran du, eta horrek, ustez, ahulago bilakatzen duela Elda. Itxakoko entrenatzaileak, dena den, zuhur izateko beharra azpimarratu du. «Aurreko sasoian ere duela bi urte baino talde ahulagoa zen Elda, eta sekulako denboraldia egin zuen».

Defentsa sendotu

Itxakori dagokionez, defentsa da, oraingoz, Martinen kezka nagusia, entrenatzaileak onartu baitu esparru horretan taldeak oraindik ez duela nahi duen maila lortu. «Defentsa da Itxakoren ikur. Alderdi hori lantzen jarraitu behar dugu, ohiko intentsitatea faltan baitugu oraindik», erran du.

Superkopak, hain zuzen ere, defentsa sendotzeko bidean urratsak egiteko aukera emanen diela azpimarratu du Martinek. Liga datorren asteburuan hasiko da, gainera, eta lehiaketa horren erritmoak taldearen jokoa fintzen lagunduko duela ziur da Itxakoko entrenatzailea.

Ez da nolanahiko erronka Itxakok orain hasi den denboraldian duena. Aurreko sasoian Espainiako Kopa eta Superkopa irabazi zituen, bai eta Liga ere, eta Txapeldunen Ligako txapeldunorde gelditu zen. Ez da erraza izanen marka hori berdintzea edo gainditzea. Baina horretan saiatuko direla erran du Martinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.