Zalantzarik gabeko garaipena. Itxakok 33-23 irabazi zion atzo Mar Sagunti, eta, ondorioz, ABF ligako lehen postuan sendotu da. Orain arte valentziarrekin partekatzen zuten postu hori nafarrek, partida guztiak irabazita. Gol kopuruak nafarren alde egiten zuen. Saguntek sasoiko lehen norgehiagoka galdu zuen atzo Lizarrerria kiroldegian, eta bi punturen aldea dute, trukean, orain Itxakoko jokalariek
Mar Sagunt ez zen aurkari erraza, ustez, baina Itxako hasieratik partidan erabat sartuta atera zen pistara, eta defentsa estuari esker, kontraerasoari etekin izugarria atera zion. Arazorik gabe hartu zuen aurrea, eta 18-11 ailegatu zen atsedenaldira.
Bigarren zatian egoerak ez zuen hobera egin valentziarrentzat. Gogor saiatu ziren Itxakoren defentsa zulatzen, baina ezinean aritu ziren Sagunteko jokalariak. Ambros Martinen jokalariek ez zuten amore eman, eta hasieratik erakutsitako tentsioari eutsi zioten, ia amaierara arte. Aldea handituz joan zen, eta azken txanpan hainbat huts egin bazituzten ere, 33-23 amaitu zen partida, nafarren alde.
Liga alde batera utzi, eta hurrengo igandean Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako azken partida jokatuko du Itxakok Errumanian, Oltchimen aurka. D multzoko buru izateko aukera dago jokoan. Horretarako, errumaniarrak mendean hartu beharko dituzte nafarrek, eta ez da erraza izanen, inondik inora ez. Bigarren ligaxkan aritzeko txartela, hala ere, poltsikoan du jada Itxakok.
Gaur, Bera Bera-Castro
Bera Berak Castro hartuko du gaur Bidebietako pistan (19:00). Azken jardunaldiko porrota ahaztu nahi dute donostiarrek. Elxen pistan 27-24 galdu zuten larunbatean, eta, ondorioz, pixka bat urrutiago dituzte goiko postuak. Laugarren da Bera Bera, bederatzi punturekin.
Gaur ariko da ligan, asteburuan EHF kopako hirugarren kanporaketa jokatuko duelako. Larunbatean (17:30) eta igandean (12:00) ariko da, etxean bietan, Anberes Belgikako taldearen aurka.
Itxakok erraz irabazi dio Sagunti
Lizarrako taldea ABF ligako lehen postuan sendotu da, bigarren sailkatua menderatuta (33-23)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu