Itxakok Errumanian irabazi behar du, multzoko lehen postua ziurtatzeko

Oltchim Valceak garaipena lortu zuen Lizarran, eta horrek irabaztera behartzen ditu nafarrak

edurne elizondo
Iruñea
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkarako sailkatu eta gero, lehendabiziko ligaxka D multzoko buru amaitu nahi du Itxakok. Horretarako, Errumaniako Oltchim Valcea mendean hartu beharko du Lizarrako taldeak. Gaur jokatuko dute partida, Errumanian. Garaipenak baino ez dio balio Lizarrako taldeari multzoko buru izateko, une honetan zortzina punturekin errumaniarrak lehenengo eta nafarrak bigarren baitira. Golen aldeak errumaniarrei egiten die mesede, Lizarran irabazi baitzuten (22-25).

Itxakok eta Oltchimek partida bakarra galdu dute lehen ligaxkan: Errusian 34-30 irabazi zion Dinamo Volgogradek Errumaniako taldeari. Indarrak, beraz, nahiko parekatuta daude. Biak ariko dira bigarren ligaxkan Europako gainerako sei onenekin batera. Multzoko buru nor izanen den argitzea bertzerik ez da falta.

Ambros Martinek argi utzi du irabazi egin nahi duela Errumanian. Ezin baita bertzela izan. Itxakoko entrenatzaileak onartu du, hala ere, multzoko buru izatea onerako edo txarrerako izanen den ez duela argi. Multzoko buru izanez gero, gainerako multzoetako buruak bazter utzi ahal izanen lituzke Itxakok bigarren ligaxkan. «Hori teoria da, baina praktikan garrantzitsuena izanen da taldeen sasoia bigarren ligaxka hasten denean». Izan ere, Txapeldunen Ligari berriz ekin aurretik, Munduko Txapelketa jokatuko da. Itxakori eta Txapeldunen Ligan ari diren gainerako taldeei eraginen die lehiaketa horrek, noski.

Barbosa, baikor

Itxakoko jokalari Sandy Barbosak ere argi du gauzak anitz alda daitezkeela bigarren ligaxka hasten denerako. Onartu du, gainera, jokalariak nekatuta daudela. «Partida anitz jokatu behar dugu». Beti bezain baikor agertu da, hala ere, Oltchimen aurkako partidari buruz mintzatu denean, eta nafarrek irabazteko aukera anitz badutela azpimarratu du: «Bigarren ligaxkarako sailkatu eta gero, lasai aritzeko aukera izanen dugu; defentsa sendoa erakusten badugu, eta erasoan gure jokoa egiten badugu, irabazi egingo dugu».

Itxako sasoiko dela erran du ezker albokoak. Une gozoa da oraingoa, gainera, Barbosarentzat. Txapeldunen Ligako golegile nagusien zerrendan da, eta nabarmendu du gozatzen ari dela lehiaketarekin. «Txapeldunen Liga sari nagusietako bat da niretzat. Gero eta gehiago gozatzen dut lehiaketa horretako partidetan». Barbosaren golak, hain zuzen ere, erabakigarriak izan dira, orain arte, Itxakok Europan egin duen bidean. Lehiaketa luzea da, eta finala urrun da oraindik. Lizarrako taldea, hala ere, zortzi onenen multzoan da jada. Eta argi dago aurrera jarraitu nahi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.