Sufrituta gehiago gozatzen omen da gero, eta hala gertatuko zaio, ziurrenik, Itxakori. Atzoko partida hasi aurretik bigarren ziren nafarrak, Eldak 30-29 irabazi ziolako aurreratutako partidan Mar Alacanti. Elda eta Itxako puntu berberekin, baina nafarrak atzetik. Irabazi beste erremediorik ez zeukaten atzo Ambros Martinen jokalariek, baina partida amaitzeko hamar minutu eskas falta zirenean, 24-22 ziren atzetik nafarrak.
Liga erdia hegan, Leon hazita, eta Itxako etsitzen hasita. Orduantxe esnatu ziren, ordea, nafarrak. Esperientzia, lasaitasuna eta kalitatea uztartuta, 1-9ko partziala lortu zuten azken hamar minutu horietan, eta azkenerako erraz antzean irabazi zuten partida (25-31). Beste hiru partida geratzen dira liga amaitzeko, baina, itxura batean, atzokoa zen partidarik gaiztoenetakoa.
Gogorra izan zen lehen zatia. 3-3, 6-4, 7-8, 13-11... Kolpea batean, kolpea bestean, baina alde nabarmenik ez. 15-13 amaitu zen lehen zatia, eta argi zegoen bigarren zatian estutu beharra zegoela Leoni irabazi ahal izateko. Aldageletatik bueltan, 3-7ko partzial onari esker, 18-20 aurreratu ziren, berriz ere, nafarrak, baina kontrolik gabeko partidan, 24-22 eta itxura ona emanez iritsi ziren etxekoak azken hamar minutuetara. Hortik aurrera zer gertatu zen? Itxakoko jokalariek soilik jakingo dute. Sinesgaitza izan zen aurreko 50 minutuetan egin ezin izan zutena hain ondo egin izana azken hamar minutu horietan. 25-31, bi puntuko aldea sailkapen nagusian, eta liga dezente gertuago. Hurrengo larunbatean Ro'Casaren aurka jokatuko du Itxakok.
Akabaren garaipen argia
Akaba Bera Berak partida erraza zeukan atzo Ribarroja azken sailkatuaren pistan, eta espero bezain norgehiagoka erraza izan zen. Hastearekin batera apurtu zen partida, eta azkenerako 16-37 irabazi zuten donostiarrek. Emaitza garrantzitsua da, bi puntura soilik daukatelako orain Leon bosgarren sailkatua. Larunbatean Elda bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du Akabak.
Itxakok eskura dauka ABF liga, Leonen pistan, sufrituta, 25-31 irabazi ondoren
Partida amaitzeko hamar minuturen faltan, 24-22 ziren aurretik etxekoak, baina partida irauli egin du Itxakok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu