Itxakok garaipena behar du, Europan nor den erakusteko

Nafarrek Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako lehia jokatuko dute gaur etxean, Buducnosten aurka

edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Partida biziki garrantzitsua jokatuko du gaur Itxakok, bere pistan. Montenegroko Buducnost hartuko dute nafarrek, Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako hirugarren jardunaldian. Garaipen batek urrea balioko luke Lizarrako taldearentzat. Lehen multzoko lau taldeen artean azkena da une honetan Itxako, baina golen aldeak eraman du postu horretara. Puntuei dagokienez, lau taldeek dute bina. Ondorioz, gaur etxean irabaziko balu, urrats handia eginen luke aurrera Ambros Martinek zuzendutako taldeak. Nafarrek Europan nor diren erakusteko aukera ezin hobea izanen lukete irabaziz gero.

Txapeldunen Ligan partida errazik ez da. Are gutxiago Buducnosten aurka. Multzoko talderik sendoena da, eta sailkapenekoburu, une honetan. Europan bere bidea egin du, gainera. Europako Errekopa hiru aldiz irabazi du, azkenekoz aurreko sasoian, hain zuzen ere. Denboraldi honetan, berriz, Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako partida guztiak irabazita sailkatu zen bigarren faserako.

Gaurkoa, beraz, lehen mailako partida izanen da. Lehia bizikoa. Itxakori une onean ailegatu zaio Buducnosten aurkako norgehiagoka; batetik, asteazkenean Ligan Sagunto hartu zuen mendean, eta, bertzetik, Txapeldunen Ligako azken jardunaldian, Oltchimi nagusitu zitzaion, 26-25. Balentria egin zuten nafarrek partida horretan. Aurkariaren sei goleko aldea hutsean uztea lortu zuten, eta ia azken segundoan sartu zuten garaipenaren gola.

Partida horrek indarra eman die Itxakoko jokalariei. Eta konfiantza. Eta horixe behar dute gaur Buducnosten aurka jokatzeko. Europan bertze urrats bat egin dezaketela sinetsi, eta horixe erakutsi pistan. Etxean ari direla profitatu behar dute nafarrek, gainera, Buducnosten aurreannolabaiteko abantaila eduki ahal izateko.

Ambrosek, Oltchimen aurka bezala, ezin izanen du Nerea Pena pistara atera gaur. Min hartuta jarraitzen du. Gainontzeko jokalariak, berriz, Montenegroko taldearen aurka aritzeko moduan izanen dira. Haiei dagokie Europan Itxako nor den erakustea.

ITXAKO-BUDUCNOST

Lehiaketa. Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako lehen multzoko hirugarren jardunaldia.

Itxako. Navarro, Stefanie, Barno, Egozkue, Jessica Alonso, Patri Pinedo, Macarena Aguilar, Carmen Martin, Soit, Turey, Bea Fernandez, Kurbanova, Tervel, Barbosa eta Azanz.

Buducnost. Barjaktarovic, Knezovic, M. Vukcevic, A. Bulatovic, K. Bulatovic, Despotovic, Djocic, Jovanovic, Kindl, Knezevic, Lazovic, Markovic, Mehmedovic, Miljanic, Pecevska, Popovic, Premovic, Radicevic, Radovic eta S. Vukcevic.

Epaileak. Rakitina eta Tkatxuk (Ukraina).

Sailkapena. Itxako laugarren postuan da: 1-1 (-3); eta Buducnost lehenengoan: 1-1 (+2).

Lekua. Lizarrerria pabiloia (2.800 ikusle).

Ordua. 19:00 (Canal 6).

Multzoko beste partida. Oltchim Valcea-Krim Mercator (gaur, 18:00etan).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.