Eskubaloia. ABF liga

Itxakok Gijonen hasiko du txapela laugarren aldiz jarraian irabazteko erronka

Bera Berak eta Kukullagak derbia jokatuko dute gaur Donostian, Ligako aurreneko jardunaldian

edurne elizondo
Iruñea
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
ABF ligan hiru euskal talde ariko dira sasoi honetan, eta hirurentzat lanean hasteko ordua iritsi da jada. Sasoia ezin hobeki hasi du Itxakok. Espainiako Superkopa hirugarren aldiz irabazi zuen joan den igandean Eldan (Herrialde Katalanak). Orain, ABF liga laugarren aldiz jarraian irabazteko erronka hasiko da Lizarrako taldearentzat. Bera Bera izanen da nafarren aurkari nagusietako bat, zalantzarik gabe. Kukullagak, berriz, mailari eustea izanen du helburu. Monovarren diru arazoek eraginda utzi du ABF ligan zuen tokia, eta Etxabarriko taldeak bete du (Bizkaia).

Itxakok Gijonen jokatuko du gaur, Ligako lehendabiziko jardunaldian (19:00). Nafarren entrenatzaile Ambros Martinek argi utzi du Superkopako arrakasta bazter uzteko garaia dela. «Liga bertze gauza bat da, eta hutsetik hasi beharra dugu».

Erronkaz betetako denboraldia izanen da orain hasiko dena Itxakorentzat, aurreko sasoian lortutako guztia kontuan hartuta. Liga irabazi zuen, baita Espainiako Kopa eta Superkopa ere. Txapeldunen Ligan, berriz, txapeldunorde izan zen. Finalerako sailkatzea izanen da Itxakoren helburu nagusia; Liga ahaztu gabe, hala ere.

Jokalariak lanean hasteko irrikan dira, Jessica Alonsok azpimarratu duenez. Faborito direla badakite, eta egoera horrek izan ditzakeen arriskuen jabe dira. «Talde guztiek nahi dute Itxako mendean hartu; ezin dugu lasaitu».

Europa eta mailari eustea

Itxako baino koska bat beherago dago Bera Bera. Reyes Carrerek zuzendutako taldeak, baina, asmo handiko helburua du: bigarren izatea eta EHF kopan nabarmentzea. Askoz helburu apalagoak ditu Kukullagak. Lydia Montesek entrenatutako taldea pozik legoke mailari eutsita. Gaur egin nahi du lehen urratsa, Donostian, Bera Beraren aurkako derbian punturen bat urratuta (19:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.