Txapeldunen Ligako finalerdietarako sailkatu zen Itxako joan den astean. Gaur, berriz, lehiaketako bigarren ligaxka lehen edo bigarren postuan amaituko duen erabakiko da. Montenegron ariko dira nafarrak, Buducnost taldearen aurka (19:30). Itxakok zortzi puntu ditu orain; eta aurkariak, berriz, sei. Berdinketarekin nahikoa izanen luke Itxakok A multzoko ligaxka buruan amaitzeko. Budcnostek irabaziz gero, halaber, Lizarran nafarrek lortutako bost goleko aldea hutsean utzi beharko luke. Etxean 31-26 nagusitu zen Itxako.
B multzoan Hungariako Gyori da lehena, hamar punturekin. Bigarren Norvegiako Larvik da, zortzi punturekin. Bi taldeok elkarren kontra jokatuko dute gaur. Finalerdietan A multzoko lehenak B multzoko bigarrena izanen du aurkari, eta B multzoko lehenak, berriz, A multzoko bigarrena. Gyorik orain arte erakutsi duen nagusitasuna kontuan hartuta, litekeena da talde hori sailkatzea B multzoko buru. Finalerdietan harekin topo ez egiteko, beraz, bere multzoko buru amaitzea komeni zaio Itxakori.
San Antonio-Ciudad Real
Asobal Ligan, bertzalde, Amaya Sport San Antoniok Ciudad Real hartuko du gaur bere pistan (19:00). Partida zaila izanen da nafarrentzat, baina ez dute aurkaria ezustean hartzeko aukera bazter utzi nahi. Ciudad Real bigarren da Bartzelonaren atzetik, eta ezin du hutsik egin Liga irabazteko aukerei eusteko.
Itxakok lehen postuan amaitu nahi du gaur Txapeldunen Ligako ligaxka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu