Itxako bai. Baina Bera Bera ez. Itxako Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu da, atzo Telden (Espainia) Elx 20-17 mendean hartu eta gero. Mar Alacant taldearen aurka ariko da bihar. Bera Bera, berriz, txapelketatik at gelditu da, Eldaren aurka 29-34 galdu baitzuen.
Itxako izan zen euskal taldeen artean lehena jokatzen. Lehen zatian bere jokoa egiteko aukerarik ez zuen izan Lizarrako taldeak. Gaizki aritu ziren nafarrak defentsan, bai eta erasoan ere. Kosta egin zitzaien pistan kokatzea, eta erraztasunak eman zizkioten aurkariari partidaren kontrola haren esku hartzeko. Atsedenaldira bederatzina berdinduta ailegatu ziren bi taldeak.
Bertzelakoa izan zen bigarren zatia. Bere erritmoa ezartzen asmatu zuten Ambros Martinek zuzendutako jokalariek, gora egin zuen haien jokoak, eta aurkaria atzean uztea lortu zuten. Azkenean hiru golengatik lortu zuten garaipena, eta finalerdietarako txartela.
Itxakok Mar Alacant izanen du bihar aurkari, finalerdietan. Mar Sagunti irabazi zion atzo Mar Alacantek, 30-32. Aurreko sasoian Mar Alacanten aurka jokatu zuen Itxakok Espainiako Kopako finala, eta 29-35 irabazi zuen.
Bera Bera, ezinean
Bera Berari aurkari zaila egokitu zitzaion, eta ez zen haren nagusitasunari aurre egiteko gai izan. Elda egon zen ia partida osoan markagailuan gipuzkoarren aurretik. Norgehiagoka amaitzeko ordu laurden eskas falta zenean, oreka zen nagusi (22-23), baina Eldak 2-7ko partziala lortu zuen sei minutuko epean, eta partida hautsi zuen (24-30).
Bera Bera ez zen fin aritu defentsan, eta garesti ordaindu zuen. Behin Kopatik kanpo, Donostiako taldeak ABF ligan jarri behar du burubelarri, lehiaketa hori bakarrik geratzen baitzaio datorren denboraldian Europako lehiaketa bat jokatzeko txartela lortzeko. Oraingoz ongi ari da —laugarren da sailkapenean—. Bide beretik jarraitu behar du.
Itxakok Mar Alacanten aurka jokatuko du Kopako finalerdietan
Bera Berak galdu egin du Eldaren aurkako final-laurdenetako partida, eta lehiaketatik kanpo gelditu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu