Beti bezain zuhur mintzatu da Itxakoko entrenatzaile Ambros Martin (Arrecife, Espainia, 1968). ABF ligan lehena da Lizarrako taldea, eta Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkarako sailkatu da. Denboraldi erdia falta dela nabarmendu du Ambrosek, baina konfiantza du jokalariengan.
ABF ligako buru, eta Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkarako sailkatuta. Zer sentsazio duzu lehen itzuliaren amaieran?
Hagitz ona. Aurreikusitako bidetik egin dugu aurrera bi lehiaketa horietan, eta kontent gaude. Uste genuen baino hobeki atera zaizkigu gauzak, egia erran, Txapeldunen Ligako lehen ligaxka gainditu izana gauza handia baita. Multzoko lehen postuan sailkatu gara, gainera, eta ligaxka amaitu baino lehen. Ez da nolanahiko marka guretzat. Hala ere, horrek ez du deus erran nahi, orain arte lortutakoak ez dizkigu etorkizuneko emaitzak ziurtatzen.
Lehen ligaxka gaindituta, zein da orain zuen helburua Txapeldunen Ligan?
Helburua ez da aldatu, protagonista izaten jarraitu nahi dugu. Hori lortzeko bigarren ligaxkak aukera ezin hobea ematen digu. Europako zortzi onenak gaude bertan. Argi dago hemendik aurrerako lana orain artekoa baino zailagoa izanen dela. Gure asmoa, hala ere, finalerdietara ailegatzea da.
Indarra eman dizue lehen ligaxkan hain irudi ona eskaini izana?
Bai, Europan gure tokia daukagula erakutsi dugula uste dut. Argi dago orain arte egindakoa ez dela etorkizunerako berme, baina bide beretik lanean jarraitzeko indarra eman behar digu.
Kontent zara jokalari berrien lanarekin?
Bai. Uste dut denek lortu dutela ongi moldatzea. Kalitate handiko jokalariak dira, eta horrek lana errazten du. Hala ere, uste dut Itxakorik onena bigarren itzulian ikusiko dugula, urtarriletik aurrera.
Zuen helburu nagusia Liga da?
Lehiaketaren araberako helburuak ditugu. Ligan, adibidez, ezin dugu hutsik egin. Partida bakoitza da erabakigarria. Orain arte ongi egin dugu gure lana. Txapeldunen Ligan ere bide ona egin dugu orain arte. Eta kontuan izan behar dugu astean bi partida jokatzen aritu garela, eta, hala ere, ez dugula hutsik egin. Horrek meritu bikoitza du, nire ustez.
Europako Txapelketak taldean izan dezakeen ondorioen beldur zara?
Argi dago nekatuta itzuliko direla. Ea, behintzat, lesio garrantzitsurik ez den gertatzen. Txapelketak, dena den, eraginik izan du jada, taldearen lanak etena izan baitu. Orain bost jokalarirekin ari naiz entrenamendu saioetan. Ea erritmoa azkar berreskuratzen dugun.
Nola ikusten duzu bigarren itzulia?
Ikusi beharko dugu Europako Txapelketan aritu diren jokalariak nola heldu diren. Hamar egun izanen dute atseden hartzeko. Urtarrila hagitz hilabete garrantzitsua izanen da guretzat. Sasoia berreskuratzea funtsezkoa izanen da. Urtarrileko lanak balioko digu taldea berriz ere osatzeko. Otsailean eta martxoan lan gogorra izanen dugu, Ligarekin eta Txapeldunen Ligarekin. Hilabete horietan erabakiko da neurri handi batean lehiaketa horietako gure etorkizuna. Badakigu erronka ez dela erraza, baina konfiantza dut jokalariengan. Badakit neurria emanen dutela.
Ambros Martin. Itxakoko entrenatzailea
«Itxakorik onena urtarriletik aurrera ikusiko dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu