Itxaropena ez baita sekula galtzen

San Miguel Ligako lehen estropada irabazi du Hondarribiak, Urdaibairi 28 ehuneneko aterata

unai zubeldia
2007ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Minari gorria; porrotari beltza; atseginari urdina; eta itxaropenari berdea. Aukeratzen hasita kolorerik egokiena aukeratu zuen Ama Guadalupekoak, orain arteko emaitzak lortuta itxaropenari eutsi ezean jai baitzeukaten. San Miguel ligan bigarren postuak asko, bost denera, Kontxako banderan ere txukun, baina Orio eta Urdaibairengandik urruti... Itxaropenik ezean ez zuten atzoko estropadarik egingo.

Eutsi eta eutsi, lehen luzean batera egin zuten ziaboga Urdaibai, Hondarribia, Orio eta Castrok. Urdaibaik jo nahi, baina estropada ezin apurtu. Bi-hiru segundoko aldea estropada erdian. Urdaibairen alde. Hiru segundo hirugarren ziabogan. Ustez, gehiegi. Baina hor agertu zen Ama Guadalupekoaren kolore berdea. Itxaropenarena.

Azken luzean sartuta, bi segundo, bat, pare-parean Urdaibai eta Hondarribia... Ordurako atzean zegoen Orio, zazpi segundora; Castro atzerago, hamarrera. Joseba Amunarriz Hondarribiko patroiak gezurren bat edo beste bota, azken hamarrekoa eskatu, arnasari buelta eman ezinik azken paladak eman, eta denak lehorrera begira.

Palada berean sartu ziren helmugan Urdaibai eta Hondarribia, eta Asier Zurinaga Urdaibaiko patroiaren eta Amunarrizen aurpegiek islatzen zuten ontzi bakoitzaren barruan zegoen ezinegona. Epaiaren zain, arraunlariak urduri, keinuka... Azkenerako hondarribitarrentzat ligako lehen bandera, eta zoramena. Estropada gehienetan amore eman behar izanda ere, urteko zitarik handienean gailurrera iritsi gabe ere... itxaropena ez baita sekula galtzen.



URDAIBAI ARE SENDOAGO. Gorlizko bandera irabazi ez bazuten ere, Urdaibaik sailkapeneko lidertza are gehiago sendotu zuen atzo, Oriori beste puntu bat atera baitzion. 165 punturekin sailkapen buruan jarraitzen du Urdaibaik, 154 puntu dauzka Oriok eta 136 Hondarribiak. Castrok, berriz, aise lortu zuen atzoko helburua: Zarautz eta Pedreña atzean utzi eta laugarren postua sendotzea.

Bigarren txandan aritu ziren Pedreña eta Zarautz, eta estropada estu-estua egin zuten biek. Azkenerako kantabriarrek hiru segundo atera zizkioten gipuzkoarrei, baina Castrok 13 segundotan ondu zuen Pedreñaren lana. Bigarren txanda horretan, azken txanpan, San Pedrok aurrea hartu zion Zumaiari. Lehen txandan, berriz, Cabo da Cruzek ehuneneko bakarra atera zion Laredori, lehia zoragarrian; Mecos txukun aritu zen datorren asteko kanporaketetara begira, eta pattal, ezinean, Arkote, Mecosengandik 31 segundora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.